Aurreko urteetako arrakastaren ostean, III. Hanburgesa eta Garagardo Dastaketa egingo dute larunbatean Azpeitian, udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako harakinen elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak antolatuta. Egun horretan jokatuko dute Gipuzkoako III. Hanburgesa Artisau Lehiaketa.
Azken izen-emateen faltan, Gipuzkoako 18-20 harategi izango dira larunbatean Azpeitian, eta haien hanburgesa-haragiak aurkeztuko dituzte lehiaketara. Herritarrek haragi horiek dastatzeko parada izango dute. Hanburgesak baloratzerakoan, epaimahaiak "jakien itxura, testura, kolorea, zaporea, produktuen konbinazioa eta bertakotasuna" hartuko dituzte kontuan haragirik onenak aukeratzeko.
Epaile lanak sukaldaritzan eta harategi esparruan aritzen diren hainbat kidek egingo dituzte. Hain zuzen, honako hauek izango dira epaileak: Zigor Iturrieta sukaldari eta aurkezlea, Mailu Odriozola Ederto-Harakel elkartearen ordezkaria, Mikel Uria sukaldaria eta Julen Berrondo Mendizaliek tabernako sukaldaria.
Jan-edana, nahieran
Lehiaketari lotuta, herritarrei zuzendutako hanburgesa eta garagardo dastaketa izango da, 18:00etatik aurrera. Hanburgesak lehiaketan parte hartuko duten harategietako haragiarekin egingo dituzte, baina hanburgesaren ohiko aurkezpena izango dute, "ogi artean eta norberaren gusturako gehigarriekin". Gehigarri horiek norberak aukeratu ahal izango ditu, nahieran. Besteak beste, gazta, tipula potxatua, ketchupa eta mahonesa jarriko dituzte aukeran.
Janaren osagarri moduan, edariak ere eskainiko dituzte, tartean, garagardo bereziak. Izan ere, ohiko garagardo eta ardo aukerez gain, inguruko ekoizleek eginiko garagardoa dastatu ahal izango da. Euskal Herriko bost ekoizleren garagardoak eskainiko dituzte: Basabe, Mitika, Xorta, Boga eta Zampano. Gainera, "aho gozagarriekin amaitzeko", izozkiak dastatzeko aukera ere izango da, Getariako Dona Doniren eskutik.
Hanburgesa bakoitzak bost euro balioko du; edari arruntek –garagardo kañak, kriantza ardoak edo zuriak– 2 euro; garagardo artisauek hiru euro; urak euro bat eta izozkiek hiru euro.
Antolatzaileek azaldu dute festaren kudeaketa errazteko txartelak erosi beharko direla aurrez Azoka Plazan bertan, eta gero horiek hanburgesa, izozki edo edariengatik trukatu.
Musika eta photocall-a
Aurten, berrikuntza bezala, musikak lagunduko du hanburgesa eta garagardo dastaketa; izan ere, 20:30etik 00:00etara 80ko hamarkadako musika-festa eskainiko dute Azoka Plazan. "Dani Barbuken DJak zuzeneko emanaldia egingo du, garai hartako musikaz girotuz jaia. Photocall-a, argiak eta dekorazioa ere egongo dira, 80ko hamarkadara bidaiatzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Iaz, Ibarrara joan zen Gipuzkoako Hanburgesa Lehiaketako lehen saria. Hamabost harakinek parte hartu zuten iazko lehiaketan, eta Ibarrako Tolosa harategiko Juan Martin Tolosaren hanburgesa haragia izan zen lehiaketaren epaimahaikideen gustukoena. Bigarren saria Beasaingo Oiarbide harategiko Beñat Goikoetxeak jaso zuen, eta etxean gelditu zen hirugarrena, Elizkaleko Ermela urdaitegiko Roberto Ejearen eskuetan. Aranako Odriozola harategiko Valentin Odriozolak eta Urrestillako Eneritz harategiko Eneritz Etxeberriak ere parte hartu zuten lehiaketan; baita Arrasateko Agirre Etxe 2022ko irabazleak ere.