Les Ballets de Monte-Carlo konpainiak Errauskine ikuskizuna taularatuko du maiatzaren 29an (19:30) Kursaalen, Sergei Prokofieven musikan oinarrituta Jean-Christophe Maillotek egindako moldaketa. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Azpeititik dantza emanaldi hori ikustera joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute joan-etorrirako.
Kursaal Eskurak antolatutako garraio zerbitzu guztietan bezala, doako autobusa erabili nahi dutenek ikuskizunerako sarrera erosi behar dute lehenbizi kursaal.eus webgunean; 50 euro balio du sarrera garestienak, eta 11 merkeenak. 30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek, ordea, ikuskizunerako sarrerak ere udaletxean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere. Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorrirako autobusean izena emateko, berriz, udaleko Kultura bulegora jo behar dute ikus-entzuleek; maiatzaren 24a bitartean gorde daiteke tokia autobusean, udaleko Kultura sailaren 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo kultura@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita.
Maiatzaren 29an, 18:15ean irtengo da autobusa Azpeititik, anbulatorio aurreko geltokitik.