Emakumeen Itzuliak eragina izango du trafikoan bihar

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 9a, 09:52

Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute txirrindularitza proba, hiru etapatan banatuta. Aurreneko etapa Azpeititik igaroko da, 12:15 aldera; Azkoititik iritsi eta Zestoako bidea hartuko dute txirrindulariek.

Itzulia Women 2024 lasterketa hastear da, eta eskualdean eraginak izango ditu trafikoan. Bihar, maiatzaren 10ean, hasiko da lasterketa, eta igandean bukatuko da, hilaren 12an. Hiru etapatan jokatuko dute proba, eta lehen etapan zein azkenekoan igaroko da eskualdetik. Hain zuzen, bihar Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako lurretatik igaroko da, eta igandean, Oriotik.

Gasteiz-Elgoibar etapa izango da aurrenekoa, 140 kilometrokoa. Azkarateko mendatetik jaitsita Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa zeharkatuko dituzte txirrindulariek bihar, eta Arroatik Itziarko bidea hartuko dute, etapa Elgoibarren bukatzeko. Emakumeen Itzuliaren aurtengo edizioko etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duena da. Mendate puntuagarriak hiru izango dira, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu. 

Etapa horrek eragin nabarmena izango du trafikoan eta eskualdeko errepideetan. Hain zuzen, GI-631 errepidean izango du eragina lasterketak, hura iritsi baino ordu erdi lehenago itxi eta ordu erdi ondoren irekiko baitute ibilgailuentzat. Antolatzaileen aurreikuspen azkarrenaren arabera, 12:00 aldera iritsiko dira lehen txirrindulariak Azkarateko gainera. Azkoitian (12:10) eta Azpeitian (12:16) saihesbideetatik igaroko da lasterketa, 12:30 aldera iritsiko da Zestoara, eta 12:39 inguan Arroabeko biribilgunera, Itziar aldera joateko.

Igandean, Oriotik

Bigarren etapa, Basauri-Basauri, 104 kilometrokoa izango da, eta ez da eskualdetik igaroko. Hirugarren eta azken etapa, igandekoa, Donostian hasi eta bukatuko da; 114,9 kilometro izango ditu. Etapa erabakigarria izango da, eta ibilbidea Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da; izan ere, Lezotik Jaizkibelera igoko da, eta, bukatzeko Murgiletik gora egingo du Mendizorrotzeraino. txirrindulariak Igeldotik iritsiko dira Oriora, Txanka-hondartzako bidetik barrena, Ortzaikako biribilguneraino egingo dute bidea eta handik Usurbil aldera hartuko dute.

Horregatik, trafikoa moztuko dute 12:00etatik 14:00etara. Ibilgailuek Ibaiondotik barrena atera beharko dute herritik, eta Donostiarantz joan nahi izanez gero, Zarautzera jo beharko dute, autopista hartzera. Honako hauek izango dira hartuko dituzten neurriak:

  • Bentako bidea itxita egongo da.
  • Autopistako sarrera-irteerak moztu egingo dira.
  • Hondartzako irteera itxi egingo da.
  • N-634 errepidea itxi egingo da, Oriotik Donostia aldera.

Euskal Herrian jokatzen den emakume txirrindularien proba nagusiena da Itzulia Women, eta guztira, 358,9 kilometro izango ditu lasterketak.

Ostolaza, etxeko probarako gogoz

Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra izango da Itzulian lehiatuko den eskualdeko kide bakarra. Ostolaza Laboral Kutxa taldearekin ariko da, kontratua berritu baitzuen duela gutxi. Ostolazak nabarmendu du ibilbidea "gogorra" den arren, klubeko kideak "oso gogotsu" daudela: "Etxeko lasterketa da Itzulia, entrenatzen ibiltzen garen errepideetan lehiatzen dugu, etxeko eta bertako jendearen babesarekin. Horrek berezi egiten du". Era berean, adierazi du klubarentzat "lasterketa oso garrantzitsua" dela Itzulia Women, eta zentzu horretan ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko ahalegina egingo dutela. "Talde bezala, oso garrantzitsua da lasterketa honetan emaitza onak lortzea. Denboraldi osoko lasterketarik garrantzitsuena da guretzat, besteak beste, maila handiko proba ere badelako", adierazi du zarauztarrak. 

Nafarroako Klasika jokatu berritan –atzo, asteazkenez, jokatu zuen proba–, taldea "gogotsu eta indartsu" ikusten du zarauztarrak. "Ilusioarekin gaude; Santestebanekin goaz sailkapen orokorraren bila", aurreratu du. Zarauzko txirrindulariak ezin izan du Espainiako Itzulian lehiatu osasun kontuak tarteko, baina, Nafarroako Klasikak aukera eman dio gorputza nola dagoen ikusteko. Gainera, iaz bizitakoa eta sentitutakoa errepikatzeko irrikaz dago Ostolaza: "Iazko oritzapen oso onak ditut; asko gozatu nuen. Ea gorputzak ondo erantzuten duen aurtengoan ere. Emaitza onen bila joango naiz, baina gozatzeko gogoa daukat eta iazko oroitzapen on horiek berriro bizitzekoa". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide