Azpeitian zaintza emozionalaren arloan egiten ari diren lana ezagutarazteko plaza bihurtuko dira aurten Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroak (UIK). Zaintza emozionalerako eredu berritzaileak tokiko administrazioen ikuspegitik. Azpeitiko esperientzia izeneko ikastaroa emango du Azpeitiko Udalak uztailaren 16an eta 17an (asteartea eta asteazkena) Donostiako Miramar jauregian, eta gaur aurkeztu dituzte ikastaro horren xehetasunak Basazabal jauregian.
Udalean "mimo handiz prestatzen" ari dira uztaileko hitzordua, Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez. Ikastaroaren izenburuan aipatzen diren hiru kontzeptu nagusiei egin die azpimarra alkateak: zaintza emozionala, eredu berritzailea eta tokiko administrazioak. Udalak "eraikinez haratago doazen politikak" martxan jartzeari ematen dion garrantziaren erakusle dira, Alkortaren esanetan, bera buru duen udal gobernuak zaintza emozionalaren arloan bultzatutako ekintzak, eta aurkeztu berri duten ikastaroa bera. "Askotan esaten dugu zaintza emozionala gure lehentasunetako bat dela, eta halaxe da. Egia da ez dela, agian, beste proiektu batzuk bezain ikusgarria edo ponpoxoa, ez delako ukitu, ikusi edo erakuts daitekeen zerbait, baina guretzat oso garrantzitsua da", esan du alkateak, arlo horretan egindako lanaren emaitzak "ikustea edo neurtzea hain erraza ez" izateak lanari eta emaitzei baliorik ez diela kentzen azpimarratzeko. Eredu berritzailearen eredutzat aipatu ditu Alkortak udalak martxan jarritako psikologo, orientazio eta aholkularitza zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen bulego eta azpiegitura berriekin batera. Azkenik, tokiko administrazio den aldetik udalak hainbat arlotan eskumen mugatuak dituela gogoratu du Alkortak, baina hala ere, "aspektu desberdinak lantzen saiatzen" direla esan du. "Guretzat garrantzitsua da, udalaz harago, herri osoa inbolukratzea era honetako proiektuetan. Ikastaroan saiatuko dira hori nabarmentzen", gaineratu du alkateak.
Edukiak eta parte hartzaileak
Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta ikastaroan parte hartuko duten udalaren hiru sailetako teknikariek –Gizarte Zerbitzuetako Edurne Zubia, Gazteriako Aloña Larrañaga eta Hezkuntzako Edurne Korta– azaldu dituzte ikastaroaren xehetasunak.
Uztailaren 16an 09:00etatik 13:15era eta uztailaren 17an 09:00etatik 13:30era emango dute ikastaroa; bi bietan, azalpen teorikoak eta kasu praktikoak uztartuko dituzte. Lehen egunean, Gizarte Zerbitzuen bitartez herrian ongizate emozionalaren arloan zer lan egiten den azalduko dute hainbat hizlarik. Zubiak gaur azpimarratu du "prebentzioa eta koordinazioa" direla Gizarte Zerbitzuetan egiten duten lanaren bi gako nagusiak, eta horien lekukotzak emango dituzte lehen jardunaldian Zubiak berak, Janire Basurtok –esku hartze goiztiarreko eta nerabeentzako eta familientzako orientazio zerbitzuko psikologoa–, Luis Legorburuk –helduentzako psikologo zerbitzuko arduraduna– eta Ainhoa Aizpitartek –etxeko arreta integraleko psikologoa–, Anartz Toledok –udaltzainburua– eta Ana Errastik –Osakidetzaren Azpeitiko lehen mailako arretako unitate burua–.
Bigarren egunean, berriz, nerabeen ongizatea izango da jorratuko duten ardatz nagusia. Nerabeekin hezakuntza formalean, ez formalean zein arretaren esparruetan harremanak dituzten aktoreek hartuko dute hitza: udaleko Gazteria saileko teknikariak –Larrañaga– eta Ane Arenas eta Alex Altolagirre hezitzaileekl, Nagore Arroita udaleko gizarte langileak, eta herriko ikastetxeetako orientatzaileek –Urola Ikastolako Ilazki Albizuri, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Miriam Arrieta eta Iraurgi Ikastetxeko Leire Aranburu–. Bigarren jardunaldi horretan kanpoko gonbidatu batek ere parte hartuko dute ikastaroan: Bartzelonako Sant Joan de Deu ospitalean nerabeen eta gazteen ongizate emozionala sustatzeko martxan jarri duten Henka programa zertan den azalduko du Clara Serra psikologoak. Hain zuzen ere, Serrarena izango da ikastaroaren erdarazko eduki bakarra. Eta Legorburuk eta Goenaga zinegotziak ikastaroaren sintesia eta itxiera egin aurretik, Erika Olaizola eta Xanti Agirrrezabalak ordu laurdeneko mikroantzerkia eskainiko dute, udalak eskatuta egun horretarako prestatu dutena.
Azpeitiko Udala zaintza emozionalaren esparruan egiten ari den lanak "interesa piztu du" herritik kanpo eta beste tokiko administrazio batzuetan, eta interes horri erantzuteko tresna izango da, neurri batean, uztaileko ikastaroa. Herritarren ongizate emozionalaz arduratzeko udalean eta herriko beste eragileekin egiten duten lana "ikusarazteko" baliatu nahi ditu Azpeitiko Udalak Udako Ikastaroak, "baina ikasteko ere bai", nabarmendu du Goenaga batzordeburuak, "emateko eta jasotzeko", alegia.
Parte hartzeko deia
Zaintza emozionalerako eredu berritzaileak tokiko administrazioen ikuspegitik. Azpeitiko esperientzia ikastaroaren gaineko informazioa eta jakingarri guztiak UIK-ren webgunean kontsulta daitezke. Matrikula ere irekita dago, eta webgune berean eman daiteke ikastarorako izena.
Hala ere, udalak "bereziki" azpeitiarren eta gazteen parte hartzea sustatu nahi dute, eta hori errazteko neurriak hartu ditu. Horrela, Azpeitiko biztanleek eta herriko ikastetxeetan lan egiten dutenek deskontuak izango dituzte matrikulan: 25 urte arteko herritarrentzat doan izango da izen ematea, eta 25 urtetik gorakoek 20 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte. Deskontu horiek baliatzeko, udalaren webgunean jarri duten inprimaki hau bete behar da, uztailaren 8a baino lehen.