Berreskuratutako herri kirol erronka izango da aurten Etxera Egunaren berrikuntza handiena. Aspalditxoko urteetan ez bezala, bihar zortzi, maiatzaren 18an, kros herrikoiari gehituko zaio aurten berriro taldeen arteko herri kirol lehia euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko egunean. Baina gainera, garai bateko herri kirol erronkekin alderatuta berrikuntzak izango ditu horrrek ere.
Batetik, parte hartzaileei dagokienez, bina gizonek eta emakumek osatuko dituzte elkarren kontra lehiatuko diren bi taldeak; eta puntako kirolariekin batera, herrikoiak ariko dira: Ainitze Zumeta, Eneko Otaño, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Noemi Etxeberria ariko dira talde batean, eta Lierni Osa, Mikel Larrañaga, Xabier Aranburu Guzta eta Ane Miren Baztarrika bestean.
Bestetik, erronka ez da plazara mugatuko. Harri jasotzen, aizkoran, trontzan eta korrika neurtuko dituzte indarrak kirolariek, eta korrika saioa plazatik Perez Arregira bitartean egin beharko dute. Harri jasotzen hasi, aizkoran jarraitu, berriro harriari heldu, trontzan egin eta korrika egin beharko dute talde bakoitzeko kideek, eta lan erreskada hori hirutan errepikatu beharko dute.
12:30ean hasiko da herri kirolen festa plazan. Erronkaren aurretik, bertan parte hartuko duten harri jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute, 65 kiloko harriarekin Osak eta Zumetak, eta 175 kilokoarekin Goenatxok eta Guztak.