Ados Pilotaren Udaberri Torneoa asteburuan hasiko da, eta atzo aurkeztu zituzten taldeak Azpeitiko udaletxean. Izan ere, Azpeitian jokatuko dute finala, ekainaren 8an, Frontoi Txikian. Pilota eta bertsolaritza uztartuko ditu txapelketak aurtengoan ere, eta hiru pilotarik eta bertsolari banak osatutako lau taldek parte hartuko dute.
Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Naroa Agirre arroarrak Aldaregiarekin eta Nerea Elustondo bertsolariarekin Eguzkiloreak taldea osatuta jokatuko dute txapelketa; Ruiz de Infante, Etxekolonea eta Mujika pilotariek, berriz, Xebastian Lizaso bertsolariarekin Kukuprakak taldea osatuta jokatuko dute; Iturriaga, Ruiz de Larramendi eta Mendiburu pilotariak Maialen Akizu bertsolariarekin batera Mitxoletak taldean arituko dira; eta Zabala, Barrokal eta Etxebeste pilotariek Aitor Sarriegi bertsolariarekin batera jokatuko dute, Bitxiloreak taldean.
Txapelketaren liga fasean talde guztiek elkarren aurka jokatuko dute, eta jardunaldi bakoitzean, lau eta erdiko partida bat eta binakako beste bat jokatuko dituzte. Liga fasea eta gero puntu gehien dituzten bi taldeen artean jokatuko dute finala ekainaren 8an, 18:00etan, Azpeitiko Frontoi Txikian. Aurretik, baina, beste sei jardunaldi izango dira: Donamarian (Nafarroa) jokatuko dute bihar Kukuprakak eta Mitxoletak taldeek; hilaren 17an Olaberrian (Gipuzkoa) izango dira lehian Mitxoletak eta Bitxiloreak taldeak; aldiz, maiatzaren 19an Itziarren (Gipuzkoa) jokatuko dute Eguzkiloreak eta Kukuprakak taldeek; hilaren 25ean Zestoan izango dira Eguzkiloreak eta Mitxoletak; hilaren 31n Mendaron (Gipuzkoa) jokatuko dute Kukuprakak eta Bitxiloreak taldeek; eta Atarrabian (Nafarroa) Bitxiloreak eta Eguzkiloreak taldeek jokatuko duten partida erabakigarria izango da finalera zein sailkatu diren erabakitzeko.