Ikasleen eskutik, munduan zehar Palestinaren aldeko mobilizazioak ugaritu eta indartu dira azken asteetan, eta Azpeitian ere oihartzuna izan du mugimendu horrek. Hain zuzen ere, elkarretaratzeak egin dituzte goizean herriko hiru ikastetxetan: Ikasberri, Karmelo Etxegarai eta Urola ikastoletan, hain zuzen ere. Elkar-ekinek arratsalderako beste mobilizazio bat du deitua, eta talde horrek ikastetxeei ere mobilizatzeko gonbidapena egin zien. Ondorioz, ikastetxeetakoak ere jolastokietara atera dira, Palestinari elkartasuna adierazteko kartelak eskuetan.
Zera adierazi du Elkar-ekinek: "Herriz herri, herrialdez herrialde eta kontinentez kontinenente antolatzen dugun presioak emaitzak ekar ditzakeela pentsatzen dugu; beraz, azpeitiarroi ere gure ekarpena egitea dagokigu helburu horri begira. Genozidio izugarri horren aurrean ezin ditugu begiak itxi". Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, beren kausarekin bat egin nahi dutela nabarmendu du taldeak: "Askatasunean eta bakean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu". Bestalde, "Israelen aurkako boikota beharrezkoa" dela uste du Elkar-ekinek. "Estatu genozidari nazioartean presioa egiteko tresna oso eraginkorra da boikotarena, eta kanpaina horrekin bat egin nahi dugu guk ere".
Era berean, gaur, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean egingo duten elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu Elkar-ekinek azpeitiarrak.