Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bigarren asteburua izan zen atzo, larunbatez. Herriko kaleetan barrena, Hamarru eta Game Of elektrotxarangak entzuteko aukera izan zen, eta eguraldi tristea egin zuen arren, alaitasuna barreiatu zuten musika taldeek.
Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak hirugarren urtez jarraian antolatu dute lehiaketa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "kaleko giroa sustatzea" da lehiaketaren helburuetako bat. Datozen bi asteburuetan ere entzun ahal izango dira elektrotxarangak Azpeitian: maiatzaren 18an, Patxangoi eta Elektrokela ariko dira, eta maiatzaren 25ean Xaukena eta Ostikada. Beste urteetan bezala, bi txandatan ariko dira elektrotxarangak: 19:00etan hasiko da lehen taldea eta 20:30ean bigarrena.
Epaimahaiak ekainaren hasieran jakinaraziko du nork irabazi duen aurtengo lahiaketa. Talde irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du. Horrez gain, saninazioetan emanaldia eskaini beharko du. Azpeitiko hainbat musikarik osatuko dute epaimahaia, eta honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan: "Musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna".