Lagun Onakeko gizonek zapore gozoarekin amaitu dute denboraldia; emakumeek berdindu egin dute Zumaian

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 12a, 12:30

Gizonen taldeak denboraldi amaierarako osatu duen irudia. (Lagun Onak)

Hirugarren Mailako taldeak ligako azken neurketa jokatu du Paduraren aurka, eta 2 eta 1 nagusitu da; seigarren postuan amaitu du denboraldia. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, bestalde, sasoia amaitzeko bi neurketaren faltan, hutsean berdindu du Zumaiakoren kontra.

Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek atzo, larunbata, jokatu zituzten aste honetako neurketak. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Padura hartu zuen etxean, eta 2 eta 1 gailendu zen Lagun Onak. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, berriz, Zumaian neurtu zituen indarrak, Zumaiakoren kontra, eta hutsean amaitu zen partida.

Gizonen taldeak ligako azken neurketa jokatu zuen atzo, 18:00etan hasita, Garmendipen. Ia denboraldia amaitu arte egon da taldea igoera fasea jokatzeko borrokan, baina atzorako galdua zuten aukera hori. Hori horrela, atzo ez zuten ezer jokoan, eta klubak sarrera doan jarri zuen herritarrentzat, haiek egindako lana eskertzeko eta ikusleek taldea behar bezala agurtzeko.

Neurketa irabazita, zapore gozoarekin amaitu zuten sasoia Jose Luis Riberaren gizonek. Bederatzigarren minutuan sartu zuten Azpeitikoek lehen gola; Jagoba Erdozia izan zen goleatzailea. Dena den, berehala berdindu zuen partida Padurak, Ander Gonzaloren golari esker, eta hala, berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Azkenean, baina, Ibai Salaberriak 59. minutuan egindako golari esker, Lagun Onakentzako izan ziren hiru puntuak.

Horrenbestez, guztira 57 puntu batuta, sailkapenaren seigarren postuan amaitu du Lagun Onakek denboraldia.

Emakumeek berdinketa

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Zumaian jokatu du aste honetako neurketa, Zumaiakoren aurka. Atzo, 16:00etan hasi zen partida, eta hutsean amaitu zen. Zailtasun handiko partida izaten da beti Lagun Onakek Zumaiakoren aurka jokatzen duena, azken urteetan beti emaitza negatiboak ekarri izan baitituzte Azpeitikoek etxera. Oraingoan, ordea, nahiz eta ez zuten neurketa irabazterik lortu, justua izan zen emaitza.

Lehen zatian, Zumaiako Lagun Onak baino gehiago izan zen; azpeitiarrek zalantza asko izan zituen sistema aldetik, Eguzkiñe Peña entrenatzaileak "ez zuen asmatu" planteamendu egokia egiten, eta aho zapore kaskarrarekin iritsi ziren atsedenaldira. Lehen zatian askoz hobea izan zen Zumaiako; nahiz eta gol aukera garbirik ez zuten izan, Lagun Onaken atetik gertuago ibili ziren alderantziz baino.

Bigarren zatian, pauso bat aurrera eman zuen Lagun Onakek: aulkitik zelairatu ziren jokalariek  arnas handia eman zioten taldeari, eta zelaian zeudenak ere gora etorri ziren. Horrenbestez, bigarren zatian Zumaiako baino gehiago izan zen Azpeitiko taldea. Gol aukera garbirik ez zuten izan, ordea; korner bat izan zen salbuespena, eta gola sartzetik nahiko gertu izan ziren azpeitiarrak. Bukaeran, Joane Kortak jokaldi oso polita egin zuen Izaro Larrañagarekin batera, eta gertu izan zuten gola; dena den, berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Hala eta guztiz ere, puntu ona eskuratu zuten Lagun Onakeko emakumeek zelai zail batean eta talde on baten kontra.

Une honetan, emakumeen taldeari bi partida falta zaizkio denboraldia amaitzeko. Hirugarren postutik pixka bat urrundu dira, lau puntura dute, eta guztira, sei puntu daude jokoan sasoia amaitzeko. Laugarren postua, ordea, finkatuta du Lagun Onakek, 55 punturekin.  

Emakumeen taldeak Zumaiakoren aurka zelairatutako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide