Kanpoko igerilekuaren denboraldia luzatuko dute aurten

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 14a, 10:00

Kanpoko igerilekuaren artxiboko irudia. (Maialen Etxaniz)

Ekainaren 3an irekiko dute igerilekua, eta irailaren 29an itxiko dute. Igeriketa ikastaroen eta entrenamenduen eraginez, kanpoko igerilekuarekin lotzen den estalitako zatiak "erabilera mugatua" izango du aurreneko eta azkeneko asteetan. 

Kanpoko igerilekuaren denboraldia luzatzea erabaki du Azpeitiko Udalak, eta aurreko urteetan baino egun gehiago egongo da zabalik: ekainaren 3an irekiko dute, eta irailaren 29an itxiko. Dena den, erakundeak jakinarazi du igeriketa ikastaroen eta entrenamenduen eraginez, kanpoko igerilekuarekin lotzen den estalitako zatiak "erabilera mugatua" izango duela ekaineko lehen asteetan eta iraileko azkenengoetan.

Hain zuzen, ekainaren 3tik ekainaren 22ra eta irailaren 9tik irailaren 29ra, astelehenetik ostiralera, honako erabilera hau izango du estalitako zatiak:

  • 11:00etatik 13:00etara, erabilera partekatua izango da. Ikastaro eta entrenamenduen arabera, kale batzuk bakarrik egongo dira erabilgarri kanpoko erabiltzaileentzat. Erabiltzaileek bertako soroslearen erabakiak errespetatu beharko dituzte.
  • 13:00etatik 14:00etara, itxita egongo da. 
  • 14:00etatik 17:15era, erabilera partekatua izango da. 
  • 17:15etik aurrera, itxita egongo da. 

Larunbat eta igandeetan, berriz, kanpoko erabiltzaileentzat irekita egongo da irekiera ordutegi osoan zehar. Ordutegiari dagokionez, kanpoko igerilekuak ohiko ordutegia izango du. Hau da, 11:00etan irekiko dute eta 20:00etan itxiko dute. 

Era berean, udalak gogoratu du oraindik aurkez daitezkeela proiektuak kanpoko igerilekuko kantina kudeatzeko; izan ere, hutsik gelditu da kanpoko igerilekuko kantinaren kudeaketaren lehiaketa publikoa. 

Prezioak 

Udal Kirol Patronatuko bazkideek ez dute prezio gehigarririk ordaindu beharko kanpoko igerilekua erabiltzeko. Ohi bezala, nahikoa izango da bazkide txartela sartzeko. Abonu gabeek, berriz, honako prezio hauek izango dituzte: 

  • 17 urtetik gorakoek: 6,50 euro, eguneko.
  • 17 urte artekoak: 5 euro, eguneko.
  • Langabetuak, ikasleak eta jubilatuak 4,20 euro, eguneko.
  • Hamabost pertsonatik gorako taldeetan: 3,50 euro pertsonako, eguneko. 

Dena den, hiruhileko bonuak edo hamar eguneko bonuak egiteko aukera ere izango da, eta modu horretan tarifa murriztuak izango dituzte. Horretarako, Udal Kirol Patronatuarekin harremanetan jarri beharko da 943-81 41 21 telefono zenbakira deituta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide