Asteburu honetan Txalintxoko Eguna, eta hurrengoan Xoxotekoa

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 15a, 12:07

Xoxoteko Eguneko ospakizuna, iaz. (Lagun Onak MB)

Igandean, hilak 19, ospatuko du Lagun Onak MBk Txalintxoko Eguna. Maiatzaren 26an, berriz, Xoxotekoa. Egun horretan Xoxoteko aterpetxearen 40. urteurrena ere ospatuko dute.  

Maiatzarekin batera datoz Txalintxoko eta Xoxoteko egunak. Aurreneko hitzordua, Txalintxoko Eguna, datorren igandean ospatuko du Lagun Onak mendi bazkunak, maiatzaren 19an. 09:00etan jarri dute hitzordua herriko plazan, eta handik Txalintxora igoko dira mendizaleak. Txangoa osatu ostean, Loiolatxo elkartean bazkalduko dute. 

Hurrengo asteburuan, hilaren 26an, Xoxoteko Eguna izango da. Egun horretan, Xoxoteko aterpetxearen 40. urtemuga ospatuko dute. Azpeitiko plazatik abiatuko dira Xoxotera 09:00etan. Ondoren, 12:00etan, meza egingo dute goian, eta 12:45ean lore eskaintza. Urtero bezala, domina banaketa egingo diete mendizale gaztetxoei 13:00etan, eta ondoren, 13:30ean, paella bazkaltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Egun osoan zehar, umeentzako tirolina, trikitilariak, txalaparta eta txistulariak izango dira Xoxoteko aterpetxearen atarian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide