Palestinaren alde eta Israelen eta "konplizeen" kontra, plazan

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 15a, 19:45

Kontseilu Sozialistak Palestinaren alde deitutako elkarretaratzea, gaur, plazan. (Mailo Oiarzabal)

Nakbaren 76. urteurrenean, dozenaka lagun batu dira Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen aurka, Palestina askatu! leloarekin deitutako elkarretaratzera.

"Palestina askatu!" edo "Israel hiltzaile, Europa laguntzaile" aldarriak entzun dira gaur arratsaldeko euripean Azpeitiko plazan. Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren erdian etorri den Nakbaren 76. urteurrenean, "Israelgo estatu genozida eta hemengo alderdi politikoen eta instituzioen konplizitate izaera salatzeko, eta Palestinarekiko elkartasuna adierazteko" elkarretaratzea deitua zuen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak 19:00etarako, eta dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Kioskoaren aurrean, Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen aurka, Palestina askatu! leloa zeraman pankartaren atzean eta bildu dira, horietako batzuk Palestinako banderak eskuetan zituztela.

Larunbatean Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean egingo duen manifestazio nazionalerako deia ere egin dute. Iruñera joateko izen-ematea Haginpen dago. Larunbatean 10:30ean aterako dira Azpeititik. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide