Dagoeneko izena eman daiteke udal udaleku irekietan

Nerea Uranga 2024ko mai. 16a, 12:37

Aurreko urteko udal udaleku irekiak.

HH2tik LH6ra arteko haurren udaleku irekiak ekainaren 24tik uztailaren 24ra bitartean izango dira, eta horietan izena eman daiteke maiatzaren 28ra bitartean. Online nahiz aurrez aurre egin ahalko da izen ematea.

Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak zabaldu du HH2tik LH6ra artekoentzako udal udaleku irekietan izena emateko epea. Udalekuak ekainaren 24tik uztailaren 24ra bitartean izango dira, eta horietan izena emateko epea maiatzaren 28ra bitartekoa da. Udalak adierazi duenez, azken urteetan bezala, aurten ere herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu dituzte udalekuetako ekintza batzuk, eta "ahalik eta udaleku inklusiboenak egiteko ahalegina" egin dute, "herritar orok parte hartzeko aukera berberak izateko". DBH1etik Batxilergoko 2. mailara artekoentzako udako gazteen ekintzetan parte hartzeko izen ematearen berri datozen egunetan jakinaraziko dutela azaldu dute.

HH2tik LH6ra artekoentzako udako ekintzetan parte hartzeko izena maiatzaren 28ra bitartean eman ahal izango da. Izena online edota Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoan (Enparan kalea 1-1. solairuan) emateko aukera egongo da. Gazte Informazio Bulegoaren ordutegia honakoa da: goizez, 10:00etatik 12:30era, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara, astearteetan eta ostegunetan. Edozein zalantza izanez gero, 943-15 71 61 edo 943-15 71 60 telefono zenbakietara deitu daiteke.

Online izena emateko eta txanden kuotak:

- HH2tik LH4ra arteko haurren izen ematea eta HH2tik LH4ra arteko haurrentzako udalekuetako txandak eta kuotak.

- LH5–LH6 bitarteko haurren izen-ematea eta ekintzak eta kuotak.

 

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide