Museoen Nazioarteko Eguna da larunbatean, maiatzaren 18an, eta Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde lelo hartuta ospatuko dute egun hori aurten. Gipuzkoako hainbat museok bat egin dute ospakizun egunarekin, eta asteazkenean aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak egun horri lotutako egitaraua. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Goizane Alvarezek eta Kulturako zuzendariak parte hartu zuten, baita ere beste hainbat museotako ordezkariekin batera, Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoaren zuzendaria den Juanjo Olaizolak.
"Gipuzkoak bat egiten du Museoen Nazioarteko Egunarekin; egun hori mundu osoan ospatzen da 1977. urteaz geroztik, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren Batzar Nagusiak erabakitakoari jarraituz", jakinarazi zuen Alvarezek, eta, horretarako, Gipuzkoako museoek "era guztietako programazioa" antolatu dute, lurraldeko museoetan "arreta jartzea" helburu hartuta.
Burdinbidearen Euskal Museoak igandean, maiatzaren 19an ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna. Museoa 10:30etik 14:00etara irekita egongo da, eta tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko dizkie bisitariei. Honako hauek izango dira antolatuko dituzten zerbitzu bereziak: 11:00etan, Vasco-Asturiano tren konpainiako 1004 diesel lokomotora aterako da, Alsthom enpresak 1965ean Tarben eraikia; 12:00etan, Ferrocarriles Vascongadoseko Euzkadi lurrun lokomotorak –Kraussek Munichen 1920an eraiki zuenak– museotik Lasaora joan-etorria egingo du; eta, 13:00etan, Amorebietatik Gernikarako treneko Zugastieta lurrun lokomotoraren txanda izango da –Sharp Stewartek eraiki zuen hori Glasgown, 1888an–.