Uztaidun Errekortari Txapelketa egingo dute bigarrenez Azpeitian, maiatzaren 25ean. Iaz egin zuten aurrenekoz lehia Azpeitian, Kalian Gora zezenzale elkarteak antolatuta. Iherraren II. omenaldia ere izango da egun horretan. Joan zen urteko edizioan Luis Miguel Galindo eta Javier Zabalza izan ziren nagusi.
Iaz bezala, Espainiako ligako hamalau errekortari onenek parte hartuko dute lehian. Zezenak, berriz, Eulogio Mateo ganadutegiak jarriko ditu. Ligarako puntuatzeko balioko duen jardunaldia izango da Azpeitian jokatuko dutena, eta 17:00etan hasiko da lehia. Xabi Iturralde azpeitiarrak parte hartuko du txapelketan.
Ondoren, ikusleentzat behi bolaztatuak izango dira, eta era berean, Iherraren omenaldia izango dela aurrreratu dute antolatzaileek.
Sarrerak dagoeneko eskura daitezke, Mendizabal erretegian, Korralen, Elurren, Jim Clarken eta Pastorkuan. 5 urtetik beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko; 10 eta 14 urte artekoek zortzi euro ordaindu beharko dute; eta 14 urtetik gorakoek hamabi euro.