Serie B txapelketaren finalaurrekoa jokatuko du gaur Egiguren V.ak

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 17a, 10:15

Julen Egiguren pilotari azpeitiarra.

Buruz Buruko Serie B txapelketaren bi finalaurrekoak jokatuko dituzte gaur Amurrion (Araba), 21:00etatik aurrera. Asier Agirre iruindarra izango du aurrez aurre Egigurenek.

Esku pilota profesionalaren bigarren mailako Buruz Buruko Serie B txapelketaren bi finalaurrekoak gaur jokatuko dituzte Amurrion (Araba), eta Julen Egiguren Egiguren V.a azpeitiarra da finalerako txartelaren bila lehiatuko den lau pilotarietako bat.

Aurrelarien arteko deman, Asier Agirre iruindarra izango da Egigurenen aurkaria. Gaueko bigarren finalaurrekoan neurtuko dituzte indarrak nafarrak eta azpeitiarrak; lehenengoan, etxean ariko den Iker Larrazabalek Iker Salaberriaren kontra jokatuko du. Buruz buruko lehia erabakigarrien atariko gisa, Elezkano II.a eta Eskuza Expositoren eta Bikuñaren kontra ariko dira binaka. 21:00etan hasiko da jaialdia Amurrion, eta ETBen zuzenean emango dituzte Serie Bko finalaurrekoak. Gaurko irabazleek maiatzaren 25ean jokatuko dute finala, Iruñean.

Bizkaia Torneoan ere bai

XI. Bizkaia Torneoa ere jokatuko du Egiguren V.ak. Atzo aurkeztu zuten ekainaren 1etik abuztuaren 20a arte jokatuko duten taldezkako txapelketa berezia.

Launa pilotariz osatutako sei talde lehiatuko dira torneoan. Norgehiagoka bakoitzean hiru partida jokatuko dituzte –binaka, lau eta erdian, eta buruz buru kantxa osoan–, eta Oiz taldean buruz burukoak jokatuko dituena da Egiguren; Altuna, Rezusta eta Ezkurdia ditu taldekideak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide