Oinordekoen omenaldia jaso dute Lagun Onaken hasierako emakume futbolariek

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 17a, 10:41

1993ko lehen talde hartako hainbat kidek eta haien entrenatzaileek gaur egungo neska futbolarien aitortza jaso zuten atzo Garmendipeko zelai nagusian, Ohorezko Erregional Mailako taldearen etxeko azken partidaren atarian. 4-0 irabazi zion Lagun Onakek Ondarbeltz Amaikak Mutrikuri, festa borobiltzeko.

Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak 2023-2024 ligako etxeko azken partida jokatu zuen atzo, eta hitzordu hori baliatu nahi izan zuen futbol klubeko emakumeen atalak duela 30 denboraldi emakumeen lehen taldean aritu zirenak omentzeko.

Gaur egun Lagun Onaken futbolean ari diren adin guztietako neskak eta emakumeak bi ilara luzetan zain zituzten hasierako taldekideek 18:45erako Garmendipeko zelai nagusian; izan ere, ezohiko zelaian jokatu zuten atzoko neurketa Ohorezko Erregional Mailako taldekoek, ondoko belar artifizialdun zelaia utzita. Aipatutako bi ilaren bukaeran, erdian, futbolari horietako zortzi zain zituzten txalo artean zelairatu ziren omenduek, ohorezko aurreskua dantzatzeko. Entrenatzaile eta futbolari izandakoek dantzarien eta gainerakoen harrera eskertu ondoren, Lagun Onak-Ondarbeltz Amaikak Mutriku partidaren ohorezko sakea egin zuen Miriam Arrieta kapitain ohiak; eta irten ziren modu berean, egungo futbolarien zein atzo Garmendipen elkartutako ikusleen txalo artean, atera ziren omendutakoak futbol zelaitik.

Laugarren postua poltsikoan

Aitzindariei egindako aitortzaren ondoren eta emozioak pil-pilean zirela etorri zen Lagun Onakentzat ligako azkenaurreko hitzordua. Neurketaren atariko bereziaren eraginez edo, kostatu egin zitzaion Eguzkiñe Peñaren taldeari partidari neurria hartzea. Lehen ordu erdian ohi baino hutsegite gehiago egin eta hauspoa eman zioten aurkariei, baina beren maila berreskuratu ahala itxura hobea emaez, goitik behera nagusitu ziren azkenerako etxekoak, festa giroa borobilduz. Garaipenaren lau golak bigarren zatian egin zituen Lagun Onakek: Izarok egin zuen lehena (47. minutuan), Nahiarenak izan ziren hurrengo biak (2-0, 62. min.; 3-0, 70. min.), eta Julenek egin zuen azkena, 72. minutuan.

Garaipen horri esker, eta azken jardunaldiaren zain egon gabe, ligako laugarren postua bereganatu du Lagun Onakek. Datorren astean, denboraldia beste garaipen batekin ixten saiatuko dira Azpeitikoak Debagoiena Bailara taldearen zelaian.

Lagun Onak-Ondarbeltz Amaikak Mutriku partidaren une bat. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide