Presoen auzia konpontzeko dagoela gogorarazi du Azpeitiko Sarek, Etxera Egunaren bezperan

Nerea Uranga 2024ko mai. 17a, 10:34

Iazko Etxera Egunean plazan egindako mosaikoa.

Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren egoeran arreta jarri du Azpeitiko Sarek, eta gogorarazi du "oraindik 140 euskal preso" daudela Frantziako eta Euskal Herriko kartzeletan. Era berean, bihar Etxera Egunean antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Biharko Etxera Egunerako egun beteko egitaraua prestatu du Azpeitiko Sarek. Egun horretan, festa giroa presoen eskubideen aldeko aldarriekin uztartuko dute, eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren etxeratzea eskatuko dute. Azpeitiko Sarek gogorarazi du oraindik presoen auzia konpontzeko dagoela: "Egun 140 euskal preso daude Frantziako eta Euskal Herriko kartzeletan. 119 gizonak dira eta 21 emakumeak, eta 97 seme-alabek beren gurasoetako bat dute espetxean. Horiez gain, beren etxetik urrun hamazazpi pertsona daude errefuxiatuta eta hiru deportatuta".

Sarek Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren egoeran jarri du arreta. Gaur egun Zaballako (Araba) espetxean dago preso bigarren graduan. "21 urte eta erdi daramatza Gotzonek espetxean. Gaur egun bigarren graduan dago. Zigorraren erdia beteta du, eta dagoeneko, bigarren gradu arindua edota hirugarren gradua lortzeko eskubidea du, ondorioz egunero hainbat orduz kartzelatik kalera ateratzeko (lan egitera, ikastera...) eskubidea izan beharko luke, nahiz eta gero lo egitera espetxera joan behar", azaldu du Sarek. Aranburuk, dagoeneko, kalera irteteko hiru eguneko lau baimen lortu dituela ere jakinarazi dute: "Era horretan Azpeitian etxekoekin eta lagunekin egoteko aukera izan du".

Azpeitiko Sarek esku artean duen "erronka", ahalik eta azkarren Aranburu "betiko etxeratzea lortzea" dela azpimarratu du, "bide horretan behar duen laguntza eta babesa eskainiz".

Biharko Etxera Egunerako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Honakoa da Etxera Egunerako prestatu duten egitaraua:

Etxera Eguna. Maiatzak 18, larunbata:

  • 11:30. Krosa, plazatik abiatuta. Dortsalak honako tokietan daude: Orkatzen, Berdien, Korralen eta Nizan.
  • 12:30. Herri kirol erronka, Plazan.
  • 14:30. Bazkaria, Azoka Plazan. Txartelak salgai daude honako tokietan: Orkatzen, Mendizabalen, Korralen, Berdien eta Nizan.
    - Garazi eta Sala musikariak.
  • 16:30. Umeen gunea, Sanagustinpean. Begiraleek lagunduta: aurpegi pintaketak, pultserak...
  • 17:30. Pontx pailazoa.
  • 18:30. Elkarretaratzea, plazan. Euskal presoak etxera! Gotzon gurekin! lelo hartuta.
  • 19:00. Euskal Herriko III. Elektrotxaranga txapelketa.
  • 22:00. Bad Sound System eta Xiberoots taldeen kontzertua, doan, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide