Eguzkiz blaitu dute Taghia

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 17a, 15:00

Eguzki panelen instalazioa eginda, Marokoko Taghia herriko herritarren ur hornidura bermatu dute Eguzkiz Blai proiektuaren sustatzaileek. Handik itzuli berri dira, "egindakoaz pozik". 

Bete dute Taghia Eguzkiz Blai proektuaren helburua: eguzki panelak ezarri dituzte Marokoko Taghia herrian, bertako ur beharrak asetzeko. Aitzol Ibarzabal azpeitiarra eta Iñaki Arakistain azkoitiarra dira proiektuaren sustatzaileak, eta Marokotik iritsi berri dira. Atzo, ostegunez, iritsi ziren herrira. Haiekin batera Thagian izan dira eskualdeko nahiz Euskal Herriko hainbat txokotako norbanakoak, ingeniariak, suhiltzaileak, boluntarioak eta Tolosako Lanbide Heziketako kideak, irakasleak eta ikasleak. Guztira, 30 pertsonatik gorako lantaldea joan da Marokora, proiektua eraikitzera. Maiatzaren 4an hasi, eta 11n bukatu zuten. Ondorengo egunak egiatazpenak egiteko eta hango bizilagunekin egoteko probestu dituzte. Ibarzabalek eta Arakistainek eskerrak eman nahi izan dizkiete era batera edo bestera haien aletxoa jarri dutenei: "Dirua eta babesa eman duen edonork lagundu du proiektua, eta horiek gabe ez litzateke posible izango". 

"Ordu askoko elkarlanaren eta esfortzu handiaren ostean", dagoeneko martxan dago ur hornidura ahalbidetuko duen inslazioa. Proiektuaren xedea zen Atlas Garaiko komunitateari edateko ura eramatea, eguzki energia fotovoltaikoz elikatutako ponpaketa sistema baten bidez. Hori dela eta, eguzki panelak dituen instalazio fotovoltaiko isolatua eraiki dute Taghian, urez hornitzeko ponpaketa sistema bat elektrizitatez elikatzeko: "Instalazioak eguzki panelak ditu, eta eguzki energia harrapatzen dute ur ponpa bat elikatzeko. Ponpa horrek ura iturri batetik atera eta hodi sare baten bidez banatzen du biztaleen etxeetara". Sistema horri esker, Taghiako biztanleek edateko ura eskura izango dute etengabe. Dagoeneko martxan dago ur ponpa, eta hango biztanleak "oso eskertuta" daudela azaldu dute.

Ibarzabal eta Arakistain 2021ean hasi ziren Eguzkiz Blai proiektuari gorputza ematen, urte hartan egindako bidaiaren ostean. Biak eskalatzaileak dira, eta Taghiara eskalatzeko egindako bidaiatik bueltan hasi ziren hango egoeraz hausnartzen; izan ere, "kalitate eskaseko ur iturrien menpe" bizi ziren Taghiako biztanleak, eta horrek zaildu egiten zituen haien bizi baldintzak. 

Bertako herritarrekin hitz egin eta beharrezko baimen guztiak eskuratu ondoren, Tolosaldeko Lanbide Heziketa zentroarekin jarri ziren harremanetan; izan ere, Arakistain hango irakasle ohia da. Behin finantzaketaren zati bat lortuta, proiektuari gorputza eman zioten eta Tolosaldeko Lanbide Heziketako zentroak garatu du. Azken hilabeteetan eguzki panelak konektatuta izan dituzte ikastetxean, eta ur ponpak deposituak betetzen aritu dira, "simulazio" modura. "Ikasleak teknikoki trebatze aldera", ikastetxean bertan egin zituzten probak. Eskolako instalakuntzak desmuntatuta eraman zituzten Taghiara. 

Esperientzia aberasgarria 

Esperientziatik zailena "traba burokratikoak" izan direla aitortu dute, eta politena exekuzioa nahiz bertako herritarrekin izandako harremana. "Bertako bizilagunek duten guztia eman dute proiektuaren alde. Eskatutako dena emateko prest zeuden. Eguzki plakak muntatzea amaitu genuen egunean, bazkaria jarri ziguten, eta guztiok elkarrekin bazkaldu genuen. Sentipen asko azaleratu ziren egun horretan", azaldu du azpeitiarrak. Finean, aitortu du, "barruak mugitzerainoko sentipenarekin" itzuli direla Marokotik. 

Instalazioa "azkar" muntatu duten arren, proiektuak atzetik izan duen lana "nekeza" izan dela aitortu dute: "Dirua lortzea, enpresekin harremana egitea... Ikusten ez den lan asko egon da, baina merezi izan du".  Aurrera begirako asmoez galdetuta, adierazi dute orain "deskantsatzea" tokatzen dela. "Oso gustura gaude egindako lanarekin. Bere esfortzua eskatu du, baina merezi izan du", diote. 

Tolosako eskolatik kontrolatuko dute Taghiako makineria, datuak izateko nahiz lagundu ahal izateko. "Orain, eraikitako instalazioari esker, edateko ura eskura izateaz gain, ura biltzeaz arduratzen ziren pertsonen lan karga ere murriztuko da", azaldu dute sustatzaileek. Teknologiak eta lankidetzak "bizitza eta komunitate osoak" eralda ditzaketela uste dute, eta zentzu horretan, "oso pozik eta gustura" daude egindako lanaz.

Hango biztanleek prestatutako bazkarian. (Thagia Eguzkiz Blai)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide