Hiru azpeitiarrek –Jon Gurrutxagak, Oier Etxeberriak eta Urko Egañak– ekin zioten Gipuzkoa Bertsotani, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseari, eta hirurek gainditu dute lehen itzulia. Atzo bukatu zen, Oñatiko saioarekin, lehen itzuli hori. 73 bertsolari lehiatu dira –38 A multzoan eta 35 B multzoan– Gipuzkoa Bertsotanen lehen itzuliko hamabi saioetan, eta horietatik 48 –25 A multzotik eta 23 B multzotik– sailkatu dira bigarren itzulirako. Datorren astean hasiko den bigarren faseko zortzi saioetan lehiatuko dira berriro lehen itzulia gainditu dutenak, eta 48tik 34k lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela.
Azpeitiarrei dagokienez, A multzoan ari dira Gurrutxaga eta Etxeberria, eta B multzoan Egaña. 332 punturekin, A multzoko sailkapenean bigarrena izan da lehen itzulian Gurrutxaga –bere saioa irabazi zuen, Altzon–, eta Etxeberria (318,5 puntu) hamargarrena; Urko Egaña (318,5) 21.a izan da B multzoan.
Datozen bi asteburuetan jokatuko dituzte bigarren itzuliko zortzi saioak. Bigarren itzuli horretan, Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria elkarrekin ariko dira Alegian, maiatzaren 26an. Urko Egañak, berriz, ekainaren 2an kantatuko du, Hernanin.