Kirol festarekin ospatu dute eskola kirolaren ikasturte amaiera

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 19a, 09:21

Bizikletekin, baloiekin, erraketekin edota rokodromoan, dozenaka umek eta gaztetxok parte hartu zuten atzo goizean kiroldegian aurtengo ekintzen agurrean.

Oraindik hitzorduren batzuk gelditzen zaizkio eskola kirolari 2023-2024 ikasturtea guztiz osatzeko, baina atzo goizean egin zuten ikasturte amaierako festa. Eta, nola ez, kirola eginez ospatu zuten festa ikasleek, begiraleek, gurasoek edota klubetako ordezkariek.

Kiroldegian zuten hitzordua eskola kirolean ari diren umeek eta gaztetxoek. Barruan, saskibaloian, rokodromoan edota mahai tenisean aritu ziren batzuk. Kiroldegiaren kanpoko guneetan, berriz, tenisean, padelean eta futbolean jardun ziren beste batzuk. Beste asko bizikletarekin joan ziren kiroldegira,Lasaotik joan-etorria egiteko prest; aurretik, ordea, kiroldegiko aparkalekuan bizikletarekin oreka eta teknika lantzeko hainbat ariketa eta jolas egin zituzten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide