Maiatzaren 27an zabalduko dute Kirol Patronatuaren udako jardueretan izena emateko aukera

Intza Trula 2024ko mai. 20a, 12:30

Artxiboko irudian Azpeitiko igerilekua.

Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak uztailerako eta irailerako kirol eskaintza zabala prestatu du beste urte batez. Haurrentzat igeriketa saio trinkoak ez ezik, helduentzako jarduerak ere izango dira.

Azpeitiko Udal Kirol Patronatuak ezaguturazi du udako kirol jardueren eskaintza, eta horietako batean izena eman nahi duenak maiatzaren 27tik 31ra bitarte izango du aukera. Ohikoa denez, umeentzako igeriketa saio trinkoak ez ezik, gazteentzat zein helduentzat ere jarduera ugari izango dira uztailean eta irailean zehar. 

Hala, umeentzako ikastaro trinkoak uztailaren 1etik 9ra eta irailaren 9tik 27ra eskainiko dituzte, astelehenetik ostiralera, egunero. Bi taldetan banatuko dira: 4 eta 6 urte bitartekoak alde batetik, eta 7 eta 13 urte bitartekoak bestetik. Gazteentzat eta helduentzat, berriz, gorputza mugitzeko beste hainbat jarduera antolatu dituzte: hala nola cycling, TRX, total training, pilates eta GAP.

Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, izena uztailerako, irailerako edo bi hilabeteetarako eman ahal izango da. Jarduera guztiak eta horien ordutegiak ikusteko honako lotura honetara jo daiteke. 

Izena emateko bete beharreko orria igerilekuko harreran eskuratu daitezke, eta ikastaroen inguruko zalantzaren bat dutenek ere bertara jo dezakete, edo, bestela,  943-81 41 21 telefonora deitu. Ikastaroetan gehienezko pertsona kopurua gainditzen bada zozketa egingo da, bestela, epea amaitu ondoren ere izena emateko aukera egongo da, taldeak bete arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide