Azpeitia Zaindu kanpaina abian jarriko dute berriro Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak. Asteazkenean ekingo diote bonuen salmentari, eta ekimenaren bitartez, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi dute.
Guztira 4.000 bonu jarriko dituzte salgai asteazkenean, erdiak azpeitiazaindu.eus webgunean eta beste erdiak, Azoka Plazan. Bonu guztiak 16:00etan jarriko dira salgai, eta 50 euroko balioa izango dute, herritarrek, ordea, 35 eurotan eskuratu ahal izango dituzte. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta uztailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.
Gainera, eta aurreko urteetan egin bezala, aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrek (2006ean jaiotakoak), 15 euroko bonua jasoko dute. 174 herritar dira aurten 18 urte beteko dituztenak, eta modu honetan, gazteak herriko merkataritzara hurbildu nahi dituzte arduradunek.
"Ahalik eta saltoki eta merkatari gehienera iristea da helburua, eta horretarako da muga. Gogoratu nahiko nuke 150 saltoki inguru ari direla parte hartzen egitasmoan, aukera, beraz, zabala dela"
Aurtengo berrikuntza gisa, saltokiek muga bat izango dutela izango da bonuak onartzerakoan, 5.000 eurokoa. Hala, behin muga horretara iristen direnean ezingo dute bonu gehiago onartu: “Bezeroak bonuen zain egoten dira, eta asko nabaritzen dugu saltokietan. Hala ere, ahalik eta saltoki eta merkatari gehienera iristea da helburua, eta horretarako da muga. Gogoratu nahiko nuke 150 saltoki inguru ari direla parte hartzen egitasmoan, aukera, beraz zabala dela”, azaldu du Jone eta Maikar estetika zentroko Amaia Salegik.
Azpeitiko Udalak 60.000 euro bideratuko ditu guztira bonu kanpainara, eta herritarren ekarpenekin batera, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan. “Horrelako ekimenak funtsezkoak dira gu bezalako merkatari txikientzat. Garrantzitsua da herriko merkataritzarentzat, azken finean, horrelako egitasmoekin nahi dena zera da, herritarrak bertan erostea, ez joatea kanpora edota ez erostea Internet bidez”, gaineratu du Euskadi Sport saltokiko Iosu Legarda-Ereñok.