Eider Bereziartua eta Javier Egiguren triatletak bikain Eslovakian eta Iruñean

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 21a, 14:41

Javier Egiguren (ezkerretik hasita bigarrena) Espainiako Txapelketaren podiumean. (Azkoitri)

Bereziartua bederatzigarren sailkatu da mundu mailako Samoringo Challenge proban, eta laugarrena izan da bere adin tartean. Egigurenek, berriz, bere adin tarteko Espainiako txapela irabazi du. Distantzia erdian lehiatu dira bi azpeitiarrak.

Emaitza bikainak lortu dituzte joan den asteburuan Eider Bereziartua eta Javier Egiguren triatleta azpeitiarrek, biek ere distantzia erdiko lasterketetan.

Eslovakiako Samorinen, mundu mailako The Championship Challenge profesionalen proba ezaguna jokatu den txapelketa berean, afizionatuen mailako distantzia erdiko triatloiaren finalean sailkapen nagusiko bederatzigarren postua eskuratu zuen Bereziartuak. 209 emakumek bukatu zuten proba, eta guztien artean bederatzigarrena izateaz gain, bere adin tartekoen artean (30-34) laugarrena izan zen azpeitiarra. Igeritan 1.900 metro, bizikletan 87,5 eta korrika 21,1 kilometro osatu behar zituzten kirolariek, eta Bereziartuak 4.35.57 behar izan zituen guztiak osatzeko.

Iruñean, berriz, Espainiako Txapelketak jokatu dituzte asteburuan, eta 20 eta 24 urte artekoen sailean urrezko domina Javier Egigurenentzat izan da. 4.03.24 denborarekin, bere adin tarteko bigarren sailkatuari zazpi minutu pasako aldea atera zion Azkoitri taldean ari den azpeitiarrak.

Eider Bereziartua (ezkerretik hasita bigarrena), Samoringo sari banaketan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide