Jon Bikendik Alpeetan bizikletan egindako bidaiarekin hasi dute Udaberriko Mendi Astea

Nerea Uranga 2024ko mai. 22a, 12:46

Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako kidea eta Jon Bikendi, atzo, Basazabalen. (Nerea Uranga)

Azpeitiarrak iazko udan bizikletarekin Alpeetan igotako mendate, mendi eta ibilaldien berri eman du jendaurrean. Gaur da Udaberriko Mendi Asteko bigarren hitzordua, eta Mikel Saez de Urabainek Baghirathi III mendira egindako espedizioa azalduko du.

 

Atzo, asteartea, hasi zen Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Udaberriko Mendi Astea. Jon Bikendi azpeitiarrak iazko udako oporraldian Alpeetan bizikletarekin egindako ibilbideen eta igotako mendien berri azaldu zuen Basazabalen. Alpeetan, Frantziaren eta Italiaren arteko mugan, 2.000 eta 3.000 metroko hainbat mendate eta mendi igo zituen bizikletaz eta ibilbide horien berri, nahiz ibilbide bakoitzeko bideen eta paisaien berri eman zien hitzaldira batutakoei. Hitzen lagun, 3.000 metroren mugan pedalkatuz, Alpeetako altxorrak ezagutzen ikus-entzunezkoa erakutsi zuen Bikendik jendaurrean.

Udaberriko Mendi Asteko bigarren hitzordua gaur (asteazkena) da, 19:00etan, Basazabal jauregian. Gaurkoan Mikel Saez de Urabain alpinistak Indiako Himalayako Baghirathi III mendira egindako espedizioaz jardungo du.

Bihar, berriz, Mendi Tour Mendi Filmeko film onenak ikusteko aukera izango da, 19:00etan, Soreasun. Filmak ikusteko sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskuratu daitezke.

Udaberriko Mendi Asteko saioan atzo Basazabalen bildutako jendea. (Nerea Uranga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide