Urrestillako sanjoanak 2024

Ekainaren 15ean izango da Urrestillako XX. San Joan Herri Krosa

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 23a, 08:59

2023ko San Joan Herri Kroseko lasterketetako bat. (Ihintza Elustondo)

Sanjoanetako lasterketak hogei urte beteko ditu eta "korrikaren festa handia" izatea nahi dute antolatzaileek. Adin guztientzako probak prestatu dituzte aurten ere. 17:00etan hasita egingo dituzte lasterketak eta 18:00etan hasiko da nagusiena. Azken horretarako izen ematea irekita dago Herrikrosa.eus-en.

Gaur hilabete izango da San Joan bezpera, baina urtero bezala, sanjoanetako egun seinalatuetan murgildu aurretik ere ez dira faltako festa usaindun hitzorduak Urrestillan.

Ekainaren 15ean izango da horietako bat: XX. San Joan Herri Krosa. Sanjoanetako lasterketak hogei urte beteko ditu eta "korrikaren festa handia" izatea nahi dute Urrestillako Festa Batzordeko antolatzaileek. Adin guztientzako probak prestatu dituzte aurten ere. 17:00etan hasita egingo dituzte lasterketak eta 18:00etan hasiko da nagusiena; kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak lehiatuko dira.

Azken horretarako izen ematea irekita dago Herrikrosa.eus-en, hain zuzen ere, jubenilek, seniorrek eta beteranoek eman beharko dute izena. Interneten izena aurrez ematen dutenek 3 euro ordaindu beharko dute, baina egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 5 euroren truke; lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute inskripzioa. Arratsaldeko gainerako lasterketa guztietarako, berriz, egunean bertan eta doan izango da izena ematea. Eta lehendabizikoan, 0 eta 8 urte arteko haurrei zuzendutako korrika festan, haurrek gurasoekin batera lasterka egiteko aukera izango dute.

Hauek dira XX. San Joan Krosaren barruko lasterketak, ordutegiak eta ibilbideen distantziak:

  • 17:00. 0-8 urte (LHko 2. maila) artekoak. Korrika festa.
  • 17:15. Benjaminak (LH 3 eta 4), 550 metro.
  • 17:30. Kimuak (LH 5 eta 6), 950 metro.
  • 17:45. Infantilak (DBH 1 eta 2), 1.190 metro.
  • 18.00.
    • Kadeteak (DBH 3 eta 4), 2.300 metro.
    • Jubenilak, 4.500 metro.
    • Seniorrak eta beteranoak, 8.850 metro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide