Zabaldu dute Tutera-Azpeitia egitasmoaren bosgarren eta seigarren etapetarako izen ematea

Intza Trula 2024ko mai. 23a, 11:00

Tutera-Azpeitia egitasmoaren laugarren etapako irudia. (Lagun Onak mendi bazkuna)

Laugarren etapa osatu zuten maiatzaren 11n, eta guztira 72 lagun elkartu ziren ibilaldian. Bosgarren eta seigarren etapak ekainaren 22an eta 23an egingo dituzte, eta izena eman nahi dutenek ekainaren 9ra arte izango dute aukera.

Tutera-Azpeitia egitasmoaren barruan bosgarren eta seigarren etapak egingo dituzte ekainaren 22an eta 23an, eta interesa duenak izena eman beharko du ekainaren 9a baino lehen –jarraibideak Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean aurki daitezke–. Hain justu, maiatzaren 11n egin zuten laugarren etapa: aurreikusita zuten moduan, Lerin eta Iratxe arteko 31 kilometroak osatu zituzten. Guztira, 72 lagun elkartu ziren ibilaldian.

Hala, ekainaren 22an, larunbatez, Iratxe-Ubaba ibilbidea egingo dute –28 kilometro guztira–. Irteera 07:00etan izango da, Azpeitiko anbulatorioaren aurrean, eta ibilaldia amaitzean, Urbasako kanpinera igoko dira autobusez, bertako jatetxean afaltzeko. Ondoren, hango ostatuan  egingo dute lo. Igandean, hilaren 23an, Ubaba-Lizarraga bidea osatuko dute (20 kilometro). 07:00etan jaikiko dira, eta 07:30ean jarri dute gosarirako hitzordua. Etapari 08:30 aldera ekingo diote.

Lagun Onak mendi bazkunako bazkideek 70 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko, eta, gainerakoek, 80 euro. Autobusa, aterpeko egonaldia, afaria eta gosaria ordainduko dira horrekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide