Azpeitiko hezkuntza komunitateak –Azpeitiko Udalaren Hezkuntza zerbitzua tartean dela– bat egin du Gasteizko eta Bilboko ikastetxeetatik beste herri askotara hedatu den Gure haurrak ere badira manifestuarekin.
Besteak beste, haurrak ez daitezela gerra helburu izan bermatzea, Palestinarekin elkartasuna eta genozidioa gelditzea aldarrikatzen ditu ikastetxez ikastetxe eta herriz herri hedatzen ari den manifestuak. Hona hemen, osorik, manifestua:
"Familien eta gurasoen erakunde zein ikastetxeetako komunitateak garen aldetik, min ematen digu Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den basakeriak, batez ere haurren aurka.
Zonaldean lanean ari diren hainbat elkarteen datuen arabera, 13.000 haur baino gehiago hil dituzte Gazan egindako aire erasoetan, eta herritar guztiek etengabe eta berehala hiltzeko arriskuan jarraitzen dute.
Euro-Med Human Rights Monitorren arabera, joan den urritik 34.000 pertsona hil dituzte lurralde palestinar okupatuetan, eta zaurituak 70.000 baino gehiago dira dagoeneko.
Hegoafrikako talde juridikoaren arabera, zeinak genozidioagatik kereila aurkeztu baitzuen Nazio Batuen Erakundean Israelen kontra: 'Sarraski hau palestinarren suntsiketa besterik ez da. Nahita eragindakoa, ez zaio inori bizitza barkatzen, ezta jaioberriei ere'.
Save the Childrenen datuen arabera, dagoeneko ez da eskola bizitza Gazan, eta ondorioz, haurrek ezin dute oinarrizko hezkuntza jaso. Zoritxarrez, egoera hau egunerokotasuna bilakatua da Gazan.
Gazako suntsiketaren neurriak, etxebizitzen eta zibilen aurkako eraso orokortuek eta gerra haurren aurkakoa izateak argi erakusten dute asmo genozida planifikatua praktikan jartzen ari direla. Beren etxeetan hiltzen dituzte, aterpe bila dabiltzala, ospitaleetan, eskoletan, meskitetan, eta familientzako janaria eta ura aurkitzen saiatzen diren bitartean. Ebakuatu beharreko lekuak uzten ez badituzte, hil egiten dituzte, baita Israelek aitortutako balizko bide seguruetatik ihes egiten saiatzen direnean ere. Eta orain, israeldar genozidek planifikatutako gosetea bizirik atera direnen bizitzak kobratzen ari da.
Nahitaezko ebakuazioa bera genozida da berez, familia palestinarrentzat iraunkorra izango baita, ezinbestean, ez dutelako itzultzeko etxerik.
Haurren hilketa sistematikoaren aurrean, ezin dugu beste alde batera begiratu. Beren seme-alabekin ihesi doazela, Israelgo armadako frankotiratzaileek nola erasotzen dituzten ikusten dugunean, gure egiten dugu eraildako ama bakoitza, haien ondoan erortzen den haur bakoitza. Erortzen diren horiek gure haurrak direla aldarrikatzen dugu.
Horregatik guztiagatik, nazioarteko erakundeek egin duten bezala, guk ere honako hau eskatzen dugu:
- Bermatzea haurrak ez daitezela gerra helburu izan.
- Justizia giza eskubideen urraketen aurrean. Haurren hilketa eta mutilazioa, eskolen zein ospitaleen aurkako erasoak, haurren aurkako urraketa larriak dira. Nazioarteko komunitateak bermatu behar du berehalako ikerketa independenteak egiten direla eta egileak justiziaren aurrera eramaten direla.
- Berehalako su-eten iraunkorra Gazan, eta genozidioaren amaiera Palestinan, NBEren Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak horrela definituta. Gainera, berehalako esku hartzea eskatzen dugu, biztanleria zibilaren babesa ziurtatuko duena, laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetuko duena, eta okupatutako lurralde palestinar guztietan giza eskubideen errespetua bermatuko duena".