Soreasuko aparkalekua ezingo da erabili 09:00etatik 17:00etara maiatzaren 27tik 31ra

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 24a, 08:49

Soreasuko lur azpiko aparkalekuaren sarrera eta sarbideko harlauzak. (Mailo Oiarzabal)

Lur azpiko parkingaren sarbideko harlauzak kendu eta asfalto bota behar dute, beste lan batzuen artean, eta horregatik ezeztatuko dute ibilgailu ororen sartu-irtena lanorduetan datorren astelehenetik ostirala arte, aipatutako bi egunak barne. Gauez, aldiz, erabilgarri egongo dira bai aparkaleku publikoa, bai garajeak.

Soreasuko lur azpiko aparkalekuaren sarreran hainbat lan egingo ditu Azpeitiko Udalak datorren astean, eta horiek egin ahal izateko, aparkalekuaren erabilera mugatuta egongo da maiatzaren 27tik 31ra, astelehenetik ostiralera, aipatutako bi egunak barne. Bost egun horietan, aparkalekua ezingo da erabili 09:00etatik 17:00etara. Gauez, aldiz, erabilgarri egongo dira bai aparkaleku publikoa, bai garajeak.

Aparkalekuaren sarbideko zorua berritzea izango da datozen asteko lanen ardatza. Ibilgailuen joan-etorriarekin eta pisuarekin sarri hondatzen diren harlauzak kendu eta asfaltoa botako dute, sarbideko arazo horiek eragozteko helburuarekin. Sarrerako eta irteerako aldapako zoruan ere hobekuntzak egingo dituzte, eta lurreko seinaletikan ere bai, udalak jakinarazi duenez.

Zoruari lotutako lanak ez ezik, datorren asteko esku hartzea baliatuko du udalak aparkalekuaren kanpo aldean barruko betetze mailaren berri emango duen panel elektronikoa jartzeko, 1766ko Matxinada kaleko aparkalekukoa bezalakoa.

Lan guztien aurrekontua 20.000 euro ingurukoa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide