Maiatzaren 27an 40 urte beteko dira Azpeitiko mendizaleek Xoxoteko mendi aterpea ireki zutela. Izarraitzera joaten diren mendizaleen atseden eta bilgune den aterpearen ateak 1984ko Xoxoteko egunez ireki zituzten. Igandean, Xoxoten ospatuko dute aterpearen urtemuga Lagun Onak mendi bazkunakoek.
1970eko hamarkadaren bukaeran sortu zen Azpeitiko mendizaleen artean Xoxoten aterpea eraikitzeko asmoa. Bildotxola artzainak erabiltzen zuen txabola erre egin zen Xoxoten; egun aterpea dagoen parean zegoen txabola hura. Lagun Onak mendi bazkunan ibiltzen zirenek toki hartan aterpea egitea pentsatu zuten. Baimenak eta diru laguntzak lortu ondoren, urtebeteko epean eraiki zuten aterpea. Kanpoko egitura Altuna y Uria enpresak egin zuen, baina barruko lanak herritarren artean gauzatu zituzten.
Lau hamarkada hauetan, mendizale eta haur talde ugariri eskaini dio aterpea guneak, eta berrikuntza bat baino gehiago ere izan ditu. 2001eko irailetik 2003ko martxora itxi egin behar izan zuten, taldeek egonaldiak egin ahal izateko egokitzeko. Orduz gero, bai aterpearen barruan, bai kanpoan, hainbat berrikuntza egin dituzte.
Urte hauetan aterpezainak bat baino gehiago izan dira Xoxoten. Azkeneko aterpezainak Igor Illarramendi (Getaria, 1970) eta Rakel Vera (Zumaia, 1976) dira; ekainean lau urte beteko dituzte. "Pandemia garaian hasi ginen, eta hasieran, ostalaritzari ezarritako murrizketak bete behar izan genituen. Garai hartan bailaratik kanpoko jende askok jo zuen Izarraitzera", azaldu du Verak. Udaberritik azarora, egunero –astelehenetan itxita egoten da, atseden eguna dutelako– zabaltzen dute aterpea. "Inguruko mendizale asko etortzen da aterpera, baita teknologiatik urrundu nahi duten ugari ere, atseden hartzera". Jaten eta edaten emateaz gainera, egonaldiak ere eskaintzen ditu Xoxoteko aterpeak. "Kuadrillan asko etortzen dira gaua-eta pasatzera, eta azkenaldian, eskoletako umeen egonaldiak ere gehiago dira".
Igandean, Xoxoteko egunean, lana eta jaia uztartuko dituzte aterpezainek mendizaleekin batera, eta eguraldia lagun izango dutelakoan daude.
Maiatzak 26, igandea. Xoxoteko eguna.
- 09:00. Mendizaleekin Xoxotera irteera, Azpeitiko plazatik.
- 12:00. Meza, Xoxoten bertan.
- 12:45. Lore eskaintza.
- 13:00. Domina banaketa mendizale gaztetxoei.
- 13:30. Paella aterpetxean.
- Egun osoan zehar, umeentzako tirolina, trikitilariak, txalaparta eta txistulariak.