Bihar, zapatua, arratsaldean hasiko dituzte Trinitate jaiak Nuarben. 16:30ean botako dute txupinazoa, eta haurrentzako puzgarriak ere izango dira arratsaldez. 19:00etan, berriz, Kantujirakoak ibiliko dira kantuan festak girotzeko. Kantujira taldekoek herritarrak animatu dituzte haiekin batera kantuan aritzera, "kantuz gozatzeko". "Kontua ez da Kantujira taldekoei entzutea bakarrik, haiekin batera kontuak abestera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Kantuen letrak –denak herrikoiak– eskura jarriko dizkiegu gurekin abestu nahi dutenei, eta musika tresna ugari izango ditugu lagungarri: soinu handia, trikitia, xilofonoa, gitarra, tuba, txirula eta perkusio tresnak". Hala, herritar guztiak Kantujirakoekin kantatzera eta zapatu arratsalde eder bat pasatzera deitu dituzte.