Oraindik Sanjuandegiko festak ofizialki hasita ez dauden arren, gaur 300 bat haur Umeen Eguna ospatzen ari dira, 70 bat begiraleren zaintzapean. Kamiseta gorriak soinean, 12:00etan denak Jose Antonio Agirre plazan elkartu dira, eta taldeak egin eta auzoan barrena sakabanatu dira jolasak egiteko. Urez betetako puxikekin ibili dira batzuk, elkarren gainean jarri eta ahalik eta dorrerik altuena egin nahian beste batzuk...
Behin jolasak bukatuta, berriz ere Jose Antonio Agirre plazan batu dira denak bazkatzeko, eta bazkalostean, Iago Magoren ikuskizunaz gozatu ahal izan dute.