Kirol ekitaldiak, bazkaria eta kontzertuak, langile kontrolpeko espazioen zaurgarritasun egoera salatzeko

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 25a, 19:48

Esklabetan goizean egin duten 3x3 saskibaloi txapelketarekin hasi dute eguna; ondoren, bazkaria egin dute han bertan; eta arratsaldean kirol ikuskizuna izan da Frontoi Txikian. Gauen gaztetxean jarraituko du festak, kontzertuekin eta hainbat DJ saiorekin.

Langile kontrolpeko espazioen zaurgarritasun egoera salatzeko, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta eskualdeko gaztetxeek eta gazte asanbladek egun osoko egitaraua antolatua zuten gaurko, eta eguraldi ederra lagun, giro ezin hobean ari dira prestatuta zuten guztia betetzen. 11:00etan ekin diete jarduerei, Esklabetan egin duten 3x3 saskibaloi txapelketarekin. Launa laguneko 11 taldek parte hartu dute, eta parte hartzaile eta ikusle, jende mordoxka bildu da zentro sozialistaren atarian.

Ondoren, bazkaria egin dute han bertan, eta arratsaldean, berriz, kirol ikuskizuna izan da Frontoi Txikian. Harri jasotze erakustaldia egin dute eta pilota eta pala partidak jokatu dituzte Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hainbat gaztek, eta harmailetan giroa berotzen joan da arratsaldeak aurrera egin ahala.

Egunari bukaera emateko, kontzertuak eta DJ saioa egongo dira Azpeitiko Gaztetxean. 20:00etatik aurrera, Ukabil, Iltze eta Jipoituak taldeak igoko dira gaztetxeko oholtzara, eta ondoren Traka eta matraka, Murxi eta Irure DJen saioekin luzatuko dute festa.

Gaurko jaialdiaren helburua "langile kontrolpeko espazioen zaurgarritasun egoera salatzea eta langileen antolakuntza independentea hedatzera bidean, horiek duten garrantzia azpimarratzea" direla azaldu dute antolatzaileek. "Izan ere, modu honetako espazioak ezinbestekoak dira irabazi ekonomiko itsuan oinarritzen den sistema kapitalistaren logikari aurre egin, eta elkartasunean oinarritutako gizarte batera bidean pausoak ematen jarraitzeko. Azken urteetan estatuak Langile Kontrolpeko Espazioen aurkako mekanismoak gogortzen ari dira (okupazioaren aurkako legeak, okuparen figuraren desitxuraketa eta kriminalizazioa...)".

Esklabak Zentro Sozialistaren, Azkoitiko Gazte Asanbladaren eta Zestoako Gaztetxearen egoerak horren adierazle direla diote. "Esaterako, Esklabetan ur edangarririk ez dago oraindik, Zestoako Gaztetxea desalojo arriskuan dago, eta Azkoitiko Gazte Asanbladak ez du bere jardun politikoa aurrera eramateko gunerik. Hori dela eta, beharrezkoa da egoera hori ezagutarazi eta espazio horiei babesa adieraztea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide