Txupinazoa botata eta haurrentzat puzgarriekin hasi dituzte Trinitate jaiak Nuarben

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 25a, 22:00

Herri afariarekin eta erromeriarekin borobilduko dute gaurkoa, eta bihar, Trinitate egunez, eguerdian ekingo diote egitarauari Dantzaki eskolakoen emanaldiarekin. Arratsaldean, berriz, sokamuturra izango da 17:00etatik 19:00etara, eta autobus zerbitzua egongo da Azpeititik joateko eta Azpeitira itzultzeko.

Festetan dira Nuarben ere. Gaur arratsaldean bota dute Trinitate jaien hasierako txupinazoa, eta ondoren, haurrek puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute frontoian. Jarraian, 19:00etatik aurrera, kantujirakoek girotutako poteoa egin dute auzoan, eta ondoren, herri afaria. Gaurkoa borobiltzeko, Etxebarria aita-semeekin erromeria izango da 23:00etatik aurrera.

Gaurkoa baina hasiera besterik ez da izango, eta biharko Trinitate egunerako, egitarau are beteagoa prestatu dute. Eguerditik aurrera, dantza erakustaldia, luntxa, sokamuturra eta erromeria izango dituzte auzoan. Sokamuturra 17:00etatik 19:00etara izango da, eta ekitaldi horretara joateko Azpeititik Nuarbera autobus zerbitzua egongo da, 16:30ean, anbulatorioaren aurretik. Azpeitira itzultzeko autobusa, berriz, 19:30ean irtengo da Nuarbetik.

Hona hemen biharko eta etziko egitaraua osorik:

Maiatzak 26, igandea.
- 13:00. Jose Mari Orbegozo Dantzaki dantza eskolakoen emanaldia.
- 13:00. Herriarentzat eta bisitarientzat luntxa.
- 17:00-19:00. Sokamuturra.
- Jarraian, Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.

Maiatzak 27, astelehena.
- 17:30. Ume jolasak, tailerrak eta txokolatada.
- 21:30. Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide