Xaukena eta Ostikada elektrotxarangen saioekin bukatu da III. Elektrotxaranga Lehiaketa, epaiaren zain

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 26a, 10:00

19:00etan hasita, Xaukena taldeko kideek plazatik Perez Arregi plazara arteko bidea egin dute; eta 20:30ean, berriz, alderantzizko bidea, Ostikada taldekoek.

Atzo arratsaldekoarekin, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) antolatutako Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketak bete ditu lau jardunaldiak. Xaukena eta Ostikada izan ziren atzo Alde Zaharreko kaleetan musika eta festa giroa jarri zituzten elektrotxarangak. Xaukenak ireki zuen lehiaketaren laugarren eta azken jardunaldia, 19:00etan plazan hasi eta handik, Erdikalean barrena, Perez Arregi plazarainoko bidea eginez. Perez Arregin hartu zuen Ostikadak lekukoa, 20:30 aldean, kontrako bidea egiteko.

Denera zazpi taldek parte hartu dute maiatzeko lau larunbatak hartu dituen lehiaketan, eta epaimahaiak ekainaren hasieran jakinaraziko du nork irabazi duen aurtengo edizioa. Talde irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du, eta horrez gain, saninazioetan emanaldia eskaini beharko du. Azpeitiko hainbat musikarik osatuko dute epaimahaia, eta honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan: "Musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide