Uztaidun Errekortarien Txapelketa bigarrenez egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko zezen plazan, Kalian Gora elkarteak antolatuta. Espainiako ligako hamalau errekortari onenek parte hartu zuten lehian, bikoteka, eta horien artean zen Xabi Iturralde azpeitiarra. Iturraldek eta haren bikotekide Javier Solerrek hirugarren egin zuten atzo, Edgar Teixeira eta Asier Estarriaga txapeldunen eta Rafa Moralo eta Chus Zaldibar azpitxapeldunen atzetik.
Lehiari ekin aurretik, baina, Iturralderi eta iaz bikote izan zuen Ander Lizarralde billabonatarrari aitortza egin zioten joan denboraldian Espainiako Txapelketa irabazi izanagatik, eta bi errekortariek zein atzoko txapelketaren antolatzaileek Egoitz Albizuri Iherra izan zuten gogoan; hari ere omenalditxoa egin zioten.
Nafarroako Eulogio Mateo ganadutegiko zezenen aurrean jarri behar izan zuten errekortariek, eta Espainiako Ligan puntuatzeko balio izan zuen atzoko jardunaldiak.