Azkoitiarrak nagusi, azpeitiarren kontrako erronkan

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 26a, 17:45

12:30ean hasi, Azpeitiko eta Azkoitiko launa herri kirolari nor bain nor aritu dira Azkoitiko plazan. Jende ugari bertaratu da saioa bertatik bertara ikustera, eta giro bikaina sortu da plazan. Bi taldeak pare-parean ibili dira denbora guztian, eta azkenean, segundo gutxigatik, azkoitiarrak izan dira nagusi.

Gaur eguerdian herri kirol erronka izan da Azkoitiko plazan. Lau azpeitiar lau azkoitiarren kontra aritu dira nor baino nor, eta lehia oso estua izan den arren, azkenean azkoitiarrak izan dira nagusi. Dozenaka lagun bertaratu da saioa bertatik bertara ikustea, eta giro bikaina sortu da plazan. Datorren urtean bueltakoa jokatzekotan gelditu dira kirolariak.

12:30ean hasita, aizkoran, harri jasotzen eta txingekin aritu dira kirolariak. Azkoitiarren taldean Julen Alberdi Txikia IV.a aritu da aizkoran, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Haritz Aranguren Norde harri jasotzen, eta Asier Unanue Goenatxo IV.a txingekin. Aldiz, azpeitiarren taldean Mikel Larrañaga aritu da aizkoran, Xabier Aranburu Guzta eta Olaia Esnaola harri jasotzen, eta Jon Lapeira txingekin.

Ondorengo lanak egin beharko izan dituzte buelta bakoitzean: Nordek 100 kiloko bola jaso behar izan du sei bider, eta Olaia Esnaolak 63 kiloko bola beste hainbeste aldiz; Goenatxo III.ak eta Guztak, berriz, 113 kiloko harri kubikoa altxa behar izan dute seina aldiz; Txikia IV.ak eta Larrañagak bi kanaerdiko ebaki behar izan dituzte; eta azkenik, Goenatxo IV.ak eta Lapeirak bi plaza osatu behar izan dituzte 50 kiloko txingak hartuta. Halako lau buelta osatu behar izan dituzte; ondorioz, erronka osoa kontuan hartuta, harri jasotzaileek orotara hogeita launa jasoaldi egin dituzte, aizkolariek zortzina kanaerdiko ebaki, eta txingekin zortzina plaza osatu dituzte. Azkoitiarrek osatu dituzte lau bueltak azkarren; horrenbestez, haiek izan dira bi herrien arteko erronkaren irabazlea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide