Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak berdinketarekin agurtu du denboraldia

Intza Trula 2024ko mai. 27a, 11:30

Lagun Onaken emakumeen taldea, larunbatean, partidaren ondoren. (Utzitakoa)

Larunbatean jokatu zuen Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak denboraldiko azken partida, Debagoiena Bailara taldearen aurka. Laugarren postuan amaitu dute denboraldia azpeitiarrek, 59 punturekin.

Lagun Onakeko nesken talde nagusiak berdindu egin zuen denboraldiko azken partidan, larunbatean, Azkoiagain (Oñati, Gipuzkoa) futbol zelaian, Debagoiena Bailara taldearen aurka. Golik gabe amaitu zen neurketa, eta 59 puntu eskuratuta, laugarren postuan amaitu du Azpeitiko taldeak.

Denboraldi osoan egindako lana eskertzeko "opari" modura, taldeko gazteenek osatu zuten larunbateko hamaikakoa. Bi taldeek aukerak izan zituzten hasieratik, baina atezainek bikain burutu zituzten lanak, golak ekiditeko. Bero handiarekin jokatu zuten, eta horrek ere baldintzatu zuen jokoa. Bigarren zatian, gehienbat, aurkariaren zelaian mugitu zuen baloia Lagun Onakek, eta aukerak izan bazituen ere, ez zuen baloia hiru zutoinen artean sartzerik lortu.

Laugarren postua eskuratzea zen aurten taldearen helburu nagusietako bat, eta lortu dute. Baina, horrez aparte, beste helburu bat ere eskuratu dute: ligan gol gutxien jaso dituen bigarren taldea da Lagun Onak –24 gol jaso dituzte–, Mariño taldearen atzetik. "Pozik eta harro gaude denboraldi honetan taldeak egindako lanarekin, baita lortutako eta erakutsitako guztiarekin ere", dio entrenatzaileak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide