Atzotik Azpeitian desagertuta zegoen emakumea aurkitu du Ertzaintzak gaur goizean. Odria auzoan, bere baserri inguruko ezponda batean erorita zegoen 61 urteko emakumea, hanka batean min hartuta eta mugitu ezinik, eta anbulantzian eraman dute Donostia ospitalera.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, haren koinatak bart 01:15 aldera deitu zuen SOS Deiakera, emakumea falta zela esanez. Desagertutako pertsona arratsaldean baserrian utzi zuela azaldu zuen hark, baina gauean ez zegoela bertan. "Harritu" egin zen zeregin batzuk "erdizka utzi zituelako", eta egoeraren berri emateko erabaki zuen larrialdi zerbitzuetara jotzea.
Goizaldetik haren bila aritu ostean, Ertzaintzaren Txakur Unitateak 09:00etan topatu du desagertutako emakumea. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak, Urola Kostako ertzain etxeko poliziek, Gipuzkoako suhiltzaileek eta Azpeitiko udaltzainek ere parte hartu dute erreskatean.