Eskola Agenda 2030en landutakoa ezagutarazteko proiekzioa eskainiko dute ostegunean Soreasun

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 27a, 16:51

Igerilekuan energia aurrezteko eta energia berriztagarriak ezartzeko hartutako neurriak aztertu dituzte ikasleek EA2030 egitasmoan, eta horien inguruko hausnarketak bildu dituzte bideoan. Emanaldia 19:00etan hasiko da. Ostegun goizean, udal ordezkariei aurkeztuko diete egindakoa. 

Herriko ikastetxeetako DBHko ikasleek Eskola Agenda 2030 (EA2030) programaren barruan egin duten lana ezagutarazteko proiekzioa eskainiko dute ostegunean Soreasu antzokian. Herritar guztiei irekitako saioa izango da, eta 19:00etan hasiko da.

Azpeitiko Udalak igerilekuan energia aurrezteko eta energia berriztagarriak ezartzeko hartu dituen neurriak aztertu dituzte ikasleek EA2030 egitasmoan, eta horien inguruko hausnarketak bideoan bildu dituzte. Orain, ikus-entzunezkoa herriratzeko garaia iritsi da. EA2030 egitasmoaren metodologia berriarekin garatu dute proiektua ikasleek; izan ere, 2022-2023 ikasturtean metodologia berria hartu zuen programak. Ordura arte, programaren iraupena ikasturte batekoa zen. Metodologia berriarekin, aldiz, bi urtekoa. Lehen ikasturtean diagnosia eta esku-hartze planaren diseinua egiten dute ikasleek, eta, bigarrengoan, esku-hartze plana martxan jarri. Iazko ikasturtean, Energia, bizitzaren motorra gaia jorratu zuten ikasleek.

Azpeitiko ikastetxeetako ordezkariek 2023-2024 ikasturte hasieran adostu zuten zein izango zen ikasturtean zehar landuko zuten gaia: igerilekuan energiaren kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak sustatzeko hartutako neurriak herriratzeko informazio-sentsibilizazio kanpaina diseinatzea eta gauzatzea. Horretarako, LHko ikasleek infografiak egin dituzte ikasturtean zehar, QR bidez informazioa zabaltzeko eraikin publikoetan, besteak beste, udaletxean, kiroldegian eta Azoka Plazan. DBHkoek, berriz, bideo bat sortu dute, eta hori izango da ostegunean plazaratuko dutena. 

Ostegunean, herritarrei ez ezik, ikasleek udal ordezkariei ere aurkeztuko dizkiete egindako lanaren emaitzak; izan ere, ikasleen ordezkariak Nagore Alkorta alkatearekin eta hainbat zinegotzirekin elkartuko dira egin duten lana partekatzeko. Ondoren, 11:15ean, DBHkoek egin duten bideoaren emanaldia eskainiko dute Soreasun ikasleentzat. Arratsaldean, berriz, gainerako herritarrentzako proiekzioa izango da, 19:00etan hasita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide