ISBren 50. urtemugako dokumentalaren saiorako sarrerak gaur jarriko dituzte eskuragai partaide, jokalari eta laguntzaileentzat

Nerea Uranga 2024ko mai. 29a, 12:06

'Hiru-hiru' dokumentalaren grabazioaren une bat. (Txetxu Urbieta)

Gaurtik ekainaren 4ra arte eskuratu ahalko dituzte Azpeitiko nahiz Azkoitiko  emanaldietarako sarrerak Iraurgi saskibaloi elkartearen dokumentalean parte hartu dutenek, maila guztietako jokalariek, entrenatzaileek, laguntzaileek eta babesleek.

Ekainaren 13an estreinatuko dute Azpeitian Iraurgi saskibaloi elkarteari lotutako Hiru-hiru dokumentala. 19:00etan izango da saioa Soreasu antzokian. Hurrengo egunean, ekainaren 14an, 19:00etan, Azkoitiko Baztartxon emango dute ikus-entzunezkoa. Dokumentala ikustera joateko sarrera eskuratu beharko da aurrez.

Dokumentalean parte hartu dutenek, ISBko jokalariek, entrenatzaileek, bazkideek, babesleek eta ISBren ingurukoek gaurtik aurrera izango dute sarrera eskuratzeko aukera. Horretarako, gaur, bihar, etzi, ekainaren 3an edota 4an, 17:00etatik 18:30era artean, Azpeitiko Kiroldegiko ISBren bulegora jo beharko dute. Bakoitzak saio bakoitzerako bina sarrera eskuratzeko aukera izango du.

Egun horietan sarrerak banatu ondoren, soberan gelditzen direnak Internetez jarriko dituzte eskura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide