Sanjuandegiko festak 2024

Bertso kantari, festa giroan murgildu da Sanjuandegi

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 30a, 10:03

Bertso afaria egin zuten atzo gauean Sanjuandegiko Baigeran. Festen atariko ohiko hitzordua da, eta aurten ere jende ugari elkartu zen Iker Zubeldiaren eta Andoni Egañaren bertsoen bueltan. Gaur jarraituko du jaiak.

Sanjuandegiko festen barruko bertso afaria izan zen atzo gauean, Baigera II-n, eta bertan izan ziren Andoni Egaña eta Iker Zubeldia bertsolariak. 21:00etan ziren afaltzen hastekoak, baina kantuan hasterako gauerdia jo zuen. Sanjuandegiko festen barruko hitzordu ezinbestekoa da bertso afaria, eta urtero bezala, atzo ere jende ugari elkartu zen jan-edanaren eta trikiti, pandero eta bertsoen bueltan. 

Bertsolariek askotariko gaiak izan zituzten mintzagai; besteak beste, gogoan izan zituzten gaur goizean goiz lanera joan behar izan dutenak, alkate lanetan ibiltzen direnak –Zubeldia Zegamako alkatea da–, eta, noski, ez zituzten aipatu gabe utzi Sanjuandegiko festak. Baigera II-n elkartutako hainbat lagunen inguruan ere aritu ziren kantuan, umoretik. 

Gaur jarraituko du festetako egitarauak, kantu jira eta pintxopotearekin, mus txapelketarekin eta iluntze musikatuarekin. 

Hona hemen egitaraua: 

Maiatzak 30, osteguna

  • 19:00. Kantu jira eta pintxo poteoa.
  • 21:00. Mus Txapelketako izen-ematea.
  • 22:00. Mus Txapelketa, Ongi Etorri erretegian.
  • 22:00. Iluntze musikatua, Sembrando Kaos eta Sheldons taldearekin.

Maiatzak 31, ostirala. Gazte Eguna

  • 15:00. Kafea eta auzo lana.
  • 19:00. Mantangorriren ongietorria.
  • 19:05. Kalejira buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin.
  • 20:00. Zestoako Batukada.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Areto dantzen emanaldia.
  • 23:00. Kontzertuak karpan: Mehatxuka, Jipoituak eta Laket.
  • Gainera, herriko DJak txosnan: Jos_U, House One, P4ul.

Ekainak 1, zapatua. Auzo Eguna

  • 10:30. Xake Txapelketa.
  • 11:00. Judo erakustaldia.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
  • 13:30. Triki-pintxo-poteoa.
  • 15:00. Auzo bazkaria. Ondoren, bingoa.
  • 18:30. Txokolatada.
  • 19:00. Elektrotxorongoa, erraldoiak eta buruhandiak.
  • 20:00. Parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.
  • 20:00. X. Trikitixa emanaldi berezia. Trikifree
  • 22:00. Kontzertuak: Street Wise eta Los Zopilotes Txirriaos.
  • Ondoren, Tinz DJaren emanaldia karpan.

Ekainak 2, igandea

  • 06:00. Txokolatada.
  • 07:00. Zezena eta jolasak.
  • 09:00. Salda.
  • 12:00. Dantzari txikien emanaldia.
  • 16:30. Zumba parte-hartzailea, adin guztietako herritarrentzako.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia.
  • 19:45. Boletoen zozketa.
  • 20:00. Mantangorriren agurra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide