Bozketa bidez erabakiko dute herritarrek nork botako duen saninazioetako txupinazoa

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 30a, 12:35

2023ko txupinazoko irudia.

Udalak jakinarazi duenez, hiru fase izango ditu aukeraketa prozesuak. Aurrena, herritarrek beren hautagaiak proposatzeko aukera izango dute. Bigarren fasean, Udaleko Festa Batzordeak galbahe lana egingo du, eta hautagai guztien artean, lau hautagai aukeratuko ditu. Jarraian, lau horien artean aukeratu beharko dute herritarrek. Ekainaren 30ean jakinaraziko du udalak zein den herritarrek aukeratuko hautagaia.

Azpeitian esanguratsuak diren elkarteek eta kolektiboetako ordezkariek bota izan dute azken urteetan saninazioetako txupinazoa. Aurten, aurrenekoz, suziria nork bota aukeratzeko galdeketa egingo du Azpeitiko Udalak. "herritarren parte-hartzea sustatzeko". Erakundeak jakinarazi duenez, hiru fase izango ditu aukeraketa prozesuak. 

Ekainaren 10era arte, herritarrek beren hautagaiak proposatzeko aukera izango dute. Bi bide egongo dira: posta elektroniko bidez (txupinazoa@azpeitia.eus helbide idatzita) edo herriko zenbait puntutan jarriko dituzten postontzien bidez. Hain zuzen, udaletxean, igerilekuan eta liburutegian jarriko dituzte ontziak astelehenean, ekainaren 3an. Emailean nahiz postontzietan sartu beharreko paperean txupinazoa nork botatzea nahi duten eta ustez zergatik merezi duen jarri beharko dute herritarrek. Elkarteak, eragileak, kolektiboak nahiz norbanakoak proposatu ahal izango dira. 

Ekainaren 13an, herritarrek proposatutako hautagai guztiak aztertuko ditu Udaleko Festa Batzordeak. Jakinarazi dutenez, balorazioa egiteko "hainbat irizpide" hartuko dituzte kontuan: "herriari egindako ekarpena, norbere arloan izandako merituak, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana, besteak beste". Hautagai guztien artean, lau hautagai aukeratuko ditu Udaleko Festa Batzordeak. 

Ekainaren 20an, aukeratutako lau hautagaiak zein diren jakinaraziko du udalak, eta orduan hasiko da bozketa. Bi bide egongo dira boza emateko: postontzien bidez edo azpeitia.eus webgunean zintzilikatuko duten galdetegi bidez. Ekainaren 28a izango da botoa emateko azken eguna. 

Ekainaren 30ean jakinaraziko du udalak zein den herritarrek aukeratuko hautagaia.

Herritar bakoitzak, boto bat

Azpeitiko Udalak zehaztu duenez, herritar bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango du. Hori bermatzeko, nortasun agiriaren zenbakia eskatuko dute boza ematerako garaian; hori bai, izen-abizenak ez dira beharrezkoak izango, botoa isilpekoa izango baita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide