Elkarretaratzea egingo dute deklaratzera deitutako grebalari feministei babesa adierazteko

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 31a, 09:22

Azaroaren 30 goizaldean egin zuten eserialdia Arroako autobidearen ordainlekuaren parean. (David Julia)

Zumaiako Mugimendu Feministak jakinarazi duenez, azaroaren 30ean egin zen greba feministaren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartu zuten hiru grebalari deklaratzera deitu dituzte, desorden publikoa egotzita. Asteazkenean deklaratuko dute, Azpeitiko Epaitegian, eta elkarretaratzea egingo dute kanpoaldean. Azpeitiko azaroaren 30eko greba feministaren batzordeak elkarretaratze horretara joateko deia egin du.

Azaroaren 30ean egin zen greba feministaren harira, protesta ekitaldietan parte hartu zuten hiru pertsona deitu dituzte deklaratzera, desorden publikoa egotzita. Zumaiako Mugimendu Feministak eman du gertaera horren berri.  Datorren asteazkenean, hilaren 5ean, pasatuko dira epailearen aurretik, Azpeitian. Grebalariei elkartasuna eta babesa adierazteko, Urola Kostako Koordinadora Feministak elkarretaratzea deitu du asteazkenerako; 09:50ean jarri dute hitzordua, Azpeitiko Epaitegiaren kanpoaldean. Azpeitiko azaroaren 30eko greba feministaren batzordeak ere elkarretaratze horretara joateko deia egin du.

Zumaiako Mugimendu Feministak ohar bidez azaldu du egun hartan, azaroaren 30ean, goizaldean, hainbat grebalarik Arroako autobideko irteera moztu zutela, ordainleku aurrean eserialdia eginez. Horren ondorioz, auto ilara luzeak sortu ziren Zumaia eta Zarautz arteko autobidean. "Egun osoan zehar, gainera, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko ekintza ugari egin zituzten herrian; eguerdian eta iluntzean mobilizazio jendetsuak izan ziren".

Goizaldeko bide mozketan Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituela jakinarazi du Mugimendu Feministak. "Bi kide horiek eta hirugarren bat –eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioen informazio orria bidali zuena– deklaratzera deitu dituzte orain, desordena delituak egotzita". Behin deklarazioaren ondoren, epaiketak aurrera jarraituko balu, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorra jaso ditzakete grebalari horiek.

Asteazkeneko mobilizazioaren bidez, prozesu judiziala bertan behera uzteko eskatuko dute, eta grebaren aldarriak berretsiz, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde egingo dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide