Hileko lehen ostiraletan hainbat artisauk postua jarriko dute Azoka Plazan

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 3a, 09:00

Baserritarren azoka, joan zen ostiralean. (Ihintza Elustondo)

Baserritarren azokarekin batera, Artiekin elkarteko hainbat eskulangilek postua jarriko dute aurrerantzean hileko lehen ostiraletan Azoka Plazan. Ametsen Txokoak, Amukik, Endredamakinak, Miarak eta Oihelek jarriko dituzte eskuragarri beren produktuak, 16:30etik 19:30era.

Ostiral honetako baserritarren azokak berrikuntza bat izango du. Hain zuzen ere, baserritarren ohiko produktuez gain, Artiekin elkarteko zenbait artisauren produktuktuak ere eskuratu ahal izango dira. Zehazki, eskulangile hauek jarriko dute postua: Ametsen Txokoak, Amukik, Endredamakinak, Miarak eta Oihelek. Azoka Plazan izango dira 16:30etik 19:30era bitartean, baserritar hauekin batera: Agiñondo, Erribera, Berrosueta, Korta, Enparan Gain, Sakona, Etxearreta, Zumeta eta Errezilgo Azoka.

Orain gutxi sortu dute Artiekin elkartea Urola Erdiko hainbat eskulangilek, indarrak batzeko eta saretzeko helburuarekin. "Eskulangile batzuek erabaki genuen bat egitea eta elkarte bat sortzea, ikusgaitasun handiagoa izan dezagun. Banaka arituta, ezkutuan geunden; bakarrik oso zaila da artisauen munduan aurrera egitea, baina elkarte bat eratuta, ikusgarriagoak gara", adierazi zuen orain gutxi egindako erreportajean Ametsen Txokoa proiektuaren arduradun eta Artiekin elkarteko kide Eider Igarzak. Orduko hartan adierazi zuen, era berean, hainbat azoka antolatzeaz gain, ostiral arratsaldeetan Azpeitian egiten den baserritarren azokan leku bat izan nahiko luketela, hilean behin. Azkenean, lortu dute helburua: hileko aurreneko ostiraletan egongo dira Azoka Plazan, ostiral honetan –ekainak 7– hasita.

Abuztuan atsedenaldia egingo dutela aurreratu dute, baina ekaineko lehen ostiralean eta uztailekoan –uztailak 5– han izango dira, eta irailetik aurrera berrartuko dute egitasmoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide