Euskaltzain urgazle izendatu dute Miel A. Elustondo

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 31a, 14:43

Miel A. Elustondo, 2022an Rikardo Arregi saria jasotzen.

Euskaltzaindiak 21 ohorezko euskaltzain eta bederatzi urgazle berri izendatu ditu Baionan egindako bilkuran, eta euskaltzain urgazle izango da aurrerantzean Miel A. Elustondo azpeitiarra eta Azpeitia Gukako kolaboratzailea.

Euskaltzaindiak urgazle eta ohorezko kide berriak izendatu ditu gaur, ostirala, Baionako Herriko Etxean egin duten maiatzeko osoko bilkuran. Horien artean da Miel A. Elustondo azpeitiarra; euskaltzain urgazle izendatu dute Elustondo. Kazetaria eta idazlea da, eta besteak beste, Azpeitia Guka aldizkarian kolaboratzen du; hemen irakur daitezke haren iritzi artikuluak.

Guztira, 21 ohorezko euskaltzain eta bederatzi urgazle berri izendatu dituzte azken bilkuran, eta horien artean da beste eskualdeko kide bat ere: Amaia Lasa idazle getariarra; euskaltzain oso izendatu dute. Euskaltzain izendatuta, akademiako batzordeetan parte hartu ahal izango dute kide berriek; urgazleek euskaltzain osoek baino ardura maila apalagoa daukate.

Beste hainbat eskualdeko pertsona ere badira euskaltzain urgazleak; besteak beste, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra, Andoni Egaña bertsolari zarauztarra, Xabier Euzkitze bertsolari azpeitiarra, Felipe Juaristi idazle azkoitiarra, Lurdes Otaegi euskal filologo beizamarra eta Mikel Morris hiztegigile zarauztarra. Hemen ikus daiteke euskaltzain urgazleen zerrenda osorik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide