Irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko dituzte astelehenean Olazko Andre Mariaren plazaren inguruan

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 1a, 09:36

Argazkiko bi espaloien artean jarriko dute zebrabide berria. (Azpeitiko Udala)

Etxe Alairako igogailura iristeko espaloia eta Arana kalera doana lotzeko zebrabidea jarri, eta azken espaloi horren ondoko eskaileren alboan malda eraikiko dute. Udalaren aurreikuspenen arabera, bi hilabete iraungo dute lanek.

Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu etzi, astelehena, Azpeitiko Udalak Olazko Andre Mariaren plazaren inguruan. Bi helburu nagusi dituzte hastear diren lanek: batetik,  plaza ondoko lur azpiko garajeen sarrerako espaloia –Etxe Alairako igogailura eramaten duena– eta Arana kalera doana lotzeko zebrabidea jarriko dute; eta bestetik, Olazko Andre Mariaren plazaren atzetik Arana kalera doan espaloi horren ondoan, Buztintzuriko Errebaleko etxeen atzeko pasabidera jaisteko eskailerak dauden tokian, maldatxoa eraikiko dute.

Lan horiek 78.900 euroko aurrekontua dute, eta udalaren aurreikuspenen arabera, ekainaren 3an hasi eta bi hilabete iraungo dute. Lanek dirauten bitartean, eremu horretako hondakinentzako edukiontziak tokiz aldatu eta plaza alderago kokatuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide