Ongi etorri beroa jaso zuen atzo arratsaldean Mantangorrik Sanjuandegin; izan ere, asteazkenean eta ostegunean zenbait ekitaldi izan baziren ere, atzo hasi zituzten ofizialki jaiak han, Mantangorriren jaitsierarekin. Inork ez zuen hutsik egin hitzordura, eta ohikoa denez, jendez bete zen 19:00etan Jose Antonio Agirre plaza.
Zoramena, barreak eta giro ona izan ziren protagonista arratsaldean zehar auzoan, eta helduen zein etxeko txikienek gozatu zuten festaz. Mantangorriren jaitsieraz gainera, buruhandiak, trikitilariak eta Zestoako Batukada izan ziren atzo arratsaldean Sanjuandegin. Gauean, berriz, gazte afariaz, areto dantzen emanaldiaz, kontzertuez eta DJ saioez gozatu ahal izan zuten auzoan.
Palestinari elkartasuna
Aurreikusitako egitarauaz aparte, 18:50ean, Palestinari elkartasuna adierazteko eta bertan egiten ari diren genozidioa salatzeko XJ Auzolaneanek eta Elkar-ekinek deitutako elkarretaratzearekin bat egin zuten herritar askok.
"Sanjuadegiko jaiak hastear dauden honetan, gutxienekoa iruditu zaigu Palestinari elkartasun keinu bat egitea", zioten XJ Auzolanekoek. "Urteetan luzatzen ari den okupazio eta zapalkuntza egoera areagotu baino ez da egin azken hilabeteetan. Palestinarren aurkako genozidioaren lekuko zuzenak izaten ari gara, eta lotsaz adierazi nahi dugu Europako klase politikoa erakusten ari den isiltasuna eta konplizitatea". Hala, auzoko jaietan ere Palestinaren askatasunaren aldeko aldarrikapena "presente" izan nahi dutela zioten: "Israel egiten ari denak ez du izenik: milaka hildako, torturatu eta deserriratu. Laguntza eta korridore humanitario guztiak ukatuak. Egunez egun egoera okerrera egiten ari da. Mundu osoan egiten egiten ari den boikot kanpainarekin bat egiten dugu, gure auzotik eta herritik hasita".
Gaur izango du jarraipena festak, Auzo Egunarekin, eta bihar ospatuko dute jaietako azken eguna. Besteak beste, xake txapelketa, judo erakustaldia eta musika emanaldiak antolatu dituzte gaurko egunerako.
Honakoa da gaurko eta biharko egitaraua:
Ekainak 1, larunbata. Auzo Eguna
- 10:30. Xake Txapelketa.
- 11:00. Judo erakustaldia.
- 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 13:30. Triki-pintxo-poteoa.
- 15:00. Auzo bazkaria. Ondoren, bingoa.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Elektrotxorongoa, erraldoiak eta buruhandiak.
- 20:00. Parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.
- 20:00. X. Trikitixa emanaldi berezia. Trikifree
- 22:00. Kontzertuak: Street Wise eta Los Zopilotes Txirriaos.
- Ondoren, Tinz DJaren emanaldia karpan.
Ekainak 2, igandea
- 06:00. Txokolatada.
- 07:00. Zezena eta jolasak.
- 09:00. Salda.
- 12:00. Dantzari txikien emanaldia.
- 16:30. Zumba parte-hartzailea, adin guztietako herritarrentzako.
- 18:30. Herri kirol erakustaldia.
- 19:45. Boletoen zozketa.
- 20:00. Mantangorriren agurra.