Azpeitia hasi da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehian. Ilunpeko mutilek atzo, ostiralez, ekin zioten txapelketari Beasainen aurka, eta Beasaingo Antzizar pilotalekuan jokatu zuten final-laurdenetako joaneko partida. Azpeitiak ezin izan zuen markagailuan nagusitu, eta 2-1 galdu zuten joanekoa. Beraz, final-laurdenak zertxobait zaildu zaizkio Azpeitiko taldeari.
Kadeteetan, Artetxe eta Arsuaga azpeitiarrek 3-22 menperatu zituzten Beasaingo Goikoetxeatarrak; jubeniletan estuagoa izan zen partida, eta nor baino nor aritu ziren Otaegi eta Sarasua azpeitiarrak Ariztimuño eta Madinaren aurka. Azkenean, Beasaingoak nagusitu ziren markagailuan, 22 eta 20. Senior mailan, berriz, alde handiarekin Beasain izan zen nagusi. Garmendiak eta Azketak aise menperatu zituzten Azpeitiko Labaka eta Egiguren, markagailua 22-4 utzita.
Horrenbestez, datorren ostiralean Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzten itzulerako partidetan –ordua zehazteko dute–, erabakiko da Azpeitiak aurrera egiten duen edo final- laurdenetan bukatzen duen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren aurtengo ibilbidea.
Gipuzkoako Herriartekoaren egungo txapeldunordea da Azpeitia. Aurreko zortzi edizioetako finalak jokatu eta horietatik bost irabazi ditu. Azken hiru finalak Oiartzunen kontra jokatu dituzte Ilunpekoek, 2021ekoa irabazi eta beste biak galduz. Aurten, baina, segurua da aurreko hiru edizioetako finala ez dela errepikatuko: final laurdenak gainditzen badituzte, finalaurrekoetan ariko dira aurrez aurre Azpeitia eta Oiartzun. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 29an izango da.