Sanjuandegiko festak 2024

Elektrotxorongo eta Trikifree, Auzo Eguneko arratsaldeko gozagarri

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 2a, 09:11

Atzo Auzo Eguna izan zen Sanjaundegin, eta gogotik borobildu zuten jaia arratsalde-gau partean. Aurrenekoz, Trikifree egin zuten, trikiti txapelketaren lekukoa hartu duen emanaldia, eta erantzun oso ona izan zuen. Guztira, zazpi talde igo ziren oholtzara. Kalean, Elektrotxorongo ibili zen bazterrak astintzen. Gauean, jende ugari elkartu zen musika emanaldietan. 

Sanjuandegiko festak azken txanpan sartu dira. Atzo, Auzo Eguneko egitaraua borobiltzeko, askotariko ekintzak izan ziren auzoan. Arratsalde partean, Elektrotxorongoren eta Trikifree-ren emanaldiak izan ziren jende gehien elkartu zutenak. Biak ordu beretsuan hasi ziren, eta batzuk kalean zehar elektrotxarangaren doinuekin dantzan ibiltzea nahiago izan zuten arren, jende ugari elkartu zen karpan Trikifree emanaldia ikusteko. 

Trikifree egin duten aurreneko aldia da aurtengoa, eta erantzun oso ona izan du. Guztira, zazpi talde igo ziren oholtzara atzo, 20:00etatik aurrera. Lehenik, bideo emanaldia eskaini zuten, Sanjuandegiren historia kontatzen zuen ikus-entzunezkoarena. Jarraian hasi zen askotariko trikiti doinuz osatutako emanaldia. Honako hauek izan ziren oholtzara igo zirenak: 

  • XJko festa batzordeko kideak
  • Araitz eta Irati 
  • Hekthor, Jaume eta Gorka
  • Ane, Maialen, Garazi eta Amaia
  • Garixe eta Txino
  • Elaia, Araitz, Ianire eta Eider
  • Martin, Maxipi eta Josu 

20:00etan hasita, baita ere, parrillada izan zen karpa atarian, eta jende ugari bertaratu zen jatekoen bila. Ondoren, 22:00etatik aurrera, kontzertuak izan ziren protagonistak. Street Wise eta Los Zopilotes Txirriaos aritu ziren oholtza nagusian eta Tinz DJa karpan.

Gaur amaituko dira Sanjuandegiko festak. Hona hemen gaurko egitaraua: 

  • 09:00. Salda.
  • 12:00. Dantzari txikien emanaldia.
  • 16:30. Zumba parte-hartzailea, adin guztietako herritarrentzako.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia.
  • 19:45. Boletoen zozketa.
  • 20:00. Mantangorriren agurra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide